Lehendakariordeak adinaren kudeaketa lan-arriskuen prebentzioan izeneko foroa inauguratu du

Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak, Anton Echevarrieta Legelarien Euskal Kontseiluko lehendakariarekin batera, adinari eta lan-arriskuen prebentzioari buruzko foroa inauguratu du gaur goizean. Bertan, argitalpen berri bat aurkeztu da, langileen prebentzioaren eta babesaren ikuspegitik adinaren kudeaketa hobetzen laguntzeko.

Lehendakariordeak nabarmendu duenez, politika desberdinak (ekonomikoa, enpleguarena, lan-merkatuaren erregulazioa edo beste edozein politika) diseinatzeko eta aplikatzeko garaian, desberdintasun sozialak eta ekonomikoak minimizatu behar dira, desberdintasun horiek guztiek osasunean ere desberdintasunak eragin ditzaketelako, eta, zentzu horretan, kontuan hartu behar dira pertsonen ezaugarriak, eta euren artean, adina nabarmenenetako bat da.

Foro horrek liburuaren 18 kapituluetako koordinatzaileen parte-hartzea izan du, eta Osalaneko zuzendari nagusiak, Lourdes Íscarrek, parte hartu du ere. Nabarmendu duenez, adina kontuan hartuta osasuna babesteaz ari garenean, prebentzio-politika bat garatzen lagundu nahi dugu, gizabanakoak bizitzan zehar izaten dituen aldaketak kontuan hartuta. “Hau da, adineko langileen osasuna babestu eta hobetu nahi badugu, prebentzioa haien lan-bizitzaren hasieratik hasi behar da” –esan du.

Ildo horretatik, laneko osasunaren egoeraren diagnostikoa egiten du liburuak, eta hainbat neurri proposatzen ditu adinaren kudeaketan laguntzeko laneko arriskuen prebentzioan. Kapituluek eragin handiena izan dezaketen gaiak jorratzen dituzte, hala nola ergonomia, psikosoziologia, osasunaren zaintza, eta, azkenik, lanarekin lotutako osasun-ondorioei buruzko datuak biltzen dituen azken kapitulu bat du, adina kontuan hartuta.

Adinaren kudeaketa eta laneko arriskuen prebentzioa (2022)