Donostiako Udalak 50 milioi euro bideratuko ditu datozen 4 urteetan etxez etxeko laguntza zerbitzura

Tokiko Gobernu Batzordeak onartu ditu etxez etxeko laguntza-zerbitzuak kontratatzeko espedientea eta kontratua arautuko duten preskripzio teknikoen eta administrazio-klausula berezien agiriak.

Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 50.962.216 eurokoa da, zabalgarria hala behar izanez gero. Eta epea, lau urtekoa. Kontratuak barne hartzen du etxean iraupen luzeko zainketak hobetzeko proiektu berritzaile bat garatzea. Proiektu hau Europar Batasuneko Berreskurapen eta Erresilientzia Funtsek (NextGenerationEU Funtsak) finantzatu dute.

Etxez etxeko laguntza zerbitzua asistentziala eta prebentziozkoa da. Pertsonari bere etxean egoten laguntzea du helburu. Hala, laguntza pertsonala edo/eta etxekoa eskaintzen dio. Lanak egiteko edo/eta zainketa eskaintzeko mugaren bat duten pertsona indibidualei zein familia-taldeei zuzenduta dago. Kasu batzuetan, zaintzailearentzako atseden gisa ere bai.

Langileen lan baldintzak

2021ean 1.826 etxebizitza ezberdinetako 2.486 pertsona izan ziren zerbitzu honen onuradunak eta 424.386 arreta ordu eskaini zitzaizkien. Artatutako pertsonen %40k 85 urte baino gehiago zituen, eta %65a emakumezkoa zen.

Halaber, kontratu berrian etxeko langileen lan baldintzak hobetu dira. Besteak beste, soldatak %15etik gora igoko dira 4 urtetan (%3,75 2023an, %3,75 2024an, %3,50 2025ean eta %3,25 2026an).

Erlazionatutako dokumentuak

2022/10/11-an argitaratua