Deltecok Fabrikazio Aditiboko dibisio berri bat sortu du eta urtarrilean artezketa prozesuetarako beste bat sortuko du

Deltecok, Espainian eta Portugalen makina-erreminta merkatuan banatzaile bezala aritzen den enpresa,  fabrikazio aditiboko dibisio berri bat sortu berri du. “Gehitu berri dugun negozio-lerro berri horretaz gain, urtarriletik aurrera artezketa-prozesuak jorratzeko beste lerro bat ere sortuko dugu, betiere bezeroei zerbitzurik onena emateko asmoz”, Javier Torres Deltecon presente dagoen Hermle marka alemaniarraren arduradunak aurreratu duenez.  

Euskal enpresa SLM Solutions enpresaren produktu eta zerbitzuak banatzen hasi da Iberiar Penintsulan. Akordio horri esker, bi erakundeek erabiltzaileei 3D metalikoak fabrikatzeko teknologia berri horiei buruzko aholkularitza eskaintzea dute helburu. Gainera, Desktop Metal enpresaren banatzaile esklusiboa da, 3D inprimaketako teknologia guztiak eskaintzen dituen enpresa bakarra.   

Automatizazio-dibisio propioa ere badu, eta, bertan, automatizazio- eta robotika-soluzioak eta makina-erremintako munduko teknologia aurreratuenak integratzen ditu.  

Mende erdiko ibilbidean, Deltecok bere bezeroei aholkularitza-zerbitzuak eskaintzen die, kasu bakoitzean egokiena den teknologia eskainiz. “Enpresa guztiek ez dute gauza bera behar. Enpresa bakoitzak bere behar espezifikoak ditu, eta guk ematen diegu. Aholkularitza da gure zeregin nagusia”, azpimarratu du.  

Puntako ekipoak

Konpainia gipuzkoarrak goi teknologiako produktuak eskaintzen ditu. Izan ere, “Euskadin bezeroek ekoizpen baliabide onenak izatea eskatzen eta baloratzen dute”. Ildo horretan, euskal enpresak banatzen dituen ekipoak Alemaniatik, Japoniatik edo Koreatik datoz, alor horretan punta-puntako merkatuak baitira. 

Bere produktuen artean Hermle marka alemaniarrarenak nabarmentzen dira, “fresatzeko soluzioetan nazioarteko liderra, azken urteetan hazkunde handia izan duena, bereziki aeronautikaren sektorean”, enpresaren ordezkariak aitortu duenez. Gainera, mekanizazio aeroespaziala, automozioa edo moldeko mekanizazioa behar duten sektore guztientzat lan egiten du Deltecok. 

Euskal enpresa DN Solutions markaren banatzailea ere bada. Enpresa korear hori liderra da tornu eta mekanizazio-zentroen fabrikazioan, munduko produktu-gama handiena eskaintzen du eta urtero 18.000 unitate baino gehiago fabrikatzen ditu. 

Gaur egun, Deltecok 80 langile baino gehiago ditu, eta “etengabe handitzen ari gara, batez ere saldu osteko zerbitzu-sailean; izan ere, argi dugu garrantzitsuena bezeroari azkar erantzun ahal izatea dela”, Javier Torresek adierazi duenez. Euskal enpresak 50 milioi euro inguru fakturatzen ditu urtero, eta automatizazioan haztea du helburu, “eskari handia baitago bertan. Bezeroek soluzio automatizatuak bilatzen dituzte”, Torresek aitortu duenez. 

Euskal enpresen artean berrikuntza bultzatzeko, enpresa txiki eta ertainetatik konpainia handietaraino, SPRI Taldeak Hazinnova, BDHI Konexio edo Innobideak bezalako berrikuntzarako programak eta laguntzak ditu.