MEGAWIND, offshore eolikoan gehien erabiltzen diren zimendatzeetarako soluzio berritzailea

MEGAWIND proiektua, merkatuan potentzial handiena duen eta egun gehien erabiltzen den monopiloteak deritzen zimendatze-mota hobetzeko premiari erantzunez sortu da, offshore aerosorgailu handien belaunaldi berrian (+15 MW) integratu ahal izateko. Horren kariaz, proiektuaren helburu nagusia monopilotea, trantsizio-pieza eta bien arteko lotura-sistemaren diseinu eta fabrikazioaren inguruko berrikuntzak garatzea da.

WindEuroperen azken txostenaren arabera, Parisko Akordioan zehaztutako deskarbonizazio-helburuak lortu ahal izateko, Europan eta hamarkada honetan, itsas eolikoak 135 GW instalatu izan beharko ditu 2030ean, 2021ean zituen 28 GW instalatuen aldean. Horrek esan nahi du egungo instalazioen urteko erritmoa hirukoiztu egin beharko dela, 3 GW pasatxotik 10-11 GWera. Offshore parkeetan erabiliko diren aerosorgailuak, gero eta potentzia handiagokoak, zimendu-mota desberdinetan instalatzen dira, baina monopiloteak dira gehien erabiltzen direnak, % 80tik gora.

Aerosorgailuen tamaina handitu ahala, zimenduen gaineko pisuak jasateko ahaleginak handitu dira, baita horiei eusteko pieza handien tamaina ere: monopiloteak, itsas-hondoan iltzatzen diren oinarriak, eta trantsizio-piezak, monopilotearen eta aerosorgailuaren dorrearen arteko lotura-elementuak. Horrek guztiak hainbat erronka dakartza osagai eta lotura-sistema horien diseinuan, fabrikazioan eta instalazioan, bai eta itsas-ingurunean modu egokian jarduteko behar dituzten tratamendu eta estalduretan ere.

Testuinguru honetan, MEGAWIND proiektuak egungo monopiloteak hobetu eta offshore aerosorgailu handien belaunaldi berrian integratzea planteatzen du partzuergoko bazkideen ezagutza uztartuz, monopilotea bera zein trantsizio-pieza eta bien arteko lotura-sistema fabrikatzeko diseinu eta prozesu berritzaileak garatzeko asmoz.

Monopiloteen fabrikazioaren ikuspegitik, elementu horiek 10 metroko diametroa eta 100 metroko luzera gainditu behar dituzte, aerosorgailuen potentzia 15 MWeraino gehitu izanaren ondorioz. Ohiko soldadura-metodoen bitartez fabrikatzeko, pisu eta neurri handiko altzairu-xaflak behar dira, eta xafla horien hornidura eta lotura dira, hain zuzen ere, monopilote handiak fabrikatzeko eragozpenik handienetako bat. HAIZEA WINDek eta IBERDROLAk hutseko elektroi-sortaren bidezko soldadura-metodo bat egokitu eta baliozkotzeari ekingo diote, baina inoiz ez zaie aplikatu mota honetako loturei. Metodo honen bideragarritasunak nabarmen handituko luke ekoizpenaren erritmoa.

Monopiloteen tamaina handitzearekin lotuta dago trantsizio-piezen eta lotura-briden tamaina handitzea ere. Egun forjaketa-pieza bakar batean fabrikatzen diren brida horiek 10 metrotik gorako diametroa izango dute. NAVACELek brida handien sektorekako diseinuan lan egingo du, hornitzaile berri bat emanez eskari handiko merkatu honi.

ERREKAk etorkizuneko monopiloteetarako garatuko dituen torloju bidezko loturak manipulatu, muntatu eta estutzea erronka handia izango da, eta horri aurre egiteko, enpresak bi ildotako ikerketa egingo du proiektuaren barruan: (i) metrika handiko torlojuak instalatu eta estutzea erraztuko duten tresnak eta prozedurak garatzea, eta (ii) torlojuetan berrikuntzak garatzea, materialen konbinazioa kasu, torlojuen metrikak murriztu eta propietate mekanikoei eusteko. Era berean, ERREKAk, i-Bolt® torlojuen kargaren monitorizaziotik abiatuta, monopilotearen, trantsizio-piezaren eta dorrearen egituraren osasun-egoera zehaztea ahalbidetuko duen sentsorika birtuala garatuko du.

Azkenik, GALVASALAk, TTT GROUPek eta FEXek hiru ildotan lan egingo dute offshore ingurune zorrotzetan osagaien biziraupenaren erronkari aurre egin ahal izateko: galbanizatutako piezetarako estaldurak, tratamendu termikoak eta korrosioari aurre egiteko laser-deposizioen bidezko aurkako babesa. Torlojututako loturak eta Boat Landing delakoa izango dira aztertu beharreko elementu kritikoak, eta metodo berriak ikertuko dira materialaren korrosioa saihesteko.

MEGAWIND proiektuak eragin positiboa izango du proiektuko bazkideen inguruko hornidura-katean, adibidez Bilboko portuko jarduera areagotuz, baita osagaiak fabrikatzeko edo osagai berriei estaldurak aplikatzeko lehengaien hornitzaileetan ere. Azken batean, proiektuak Euskadi offshore eolikorako neurri handiko piezen fabrikazioko erreferentetzat posizionatzen lagunduko du, osagai horiek garatzeko teknologia berritzaileak aplikatuz.

MEGAWIND proiektua abiarazteko bilera joan den ostiralean egin zen, irailak 23, Tecnaliaren instalazioetan, partzuergoko kide guztien parte-hartzeaz, eta 3 urteko iraupena izango du.