Zientzia eta Berrikuntzari buruzko kongresu bat Donostia WeekINNen IX. edizioan

Donostiako IX Berrikuntzaren Astea, Ekonomia Bultzatzeko zinegotzigoak antolatuta, Donostia Sustapenaren bitartez, Urriaren 22tik 28ra bitartean egingo da, Donostiak azken urteotan zientziaren garapenaren alde egin duen apustua ardatz hartuta, Donostia zientziaren eta berrikuntzaren hiri gisa sendotzeko helburuarekin.

“Zientzia eta Berrikuntza, etorkizuneko hiria” kongresuak izango da edizio honen abiapuntua, eta Viralgen, Vicomtech, CICnanogune, Cotec, Retina, Donostia International Physics Center, Ikerbasque eta CIC Biomagune enpresa eta erakundeetako ordezkariek parte hartuko dute, besteak beste.

Kongresuaren helburua gure hirian zientziaren alde egiten den apustuaren gakoei eta horiek etorkizunean izango duten bilakaerari balioa ematea eta horiei buruz hausnartzea da, mugarri eta proiektu garrantzitsuak ezagutuz, etorkizunera begirako ikerketa-ildoak, horrek dakarren inpaktu ekonomikoa eta pertsonaren zereginari eta eragin sozialari dagokionez agertzen dituen dilemak ere.

Ekonomia Bultzatzeko zinegotzia den Marisol Garmendiak adierazi duenez, “duela hamarkada batetik hona Donostia erreferentziazko hiria da zientzia eta berrikuntzan, duela hogei urte baino gehiago diseinatutako estrategia bati esker. Estrategia horrek aurreikusten zuen I+G+b-ko inbertsioa handitzeak herritarren ongizatearen alde lan egingo zuen talentua biltzeko gai izango zen ekosistema bat sortuko zuela. Dagoeneko hiriko teknologia- eta enpresa-parkeetan 5.000 langile baino gehiago biltzen dituen sektore horren aldeko apustua irmoa da, eta lehen lerroan jarraitzen dugu azkenaldian gertatzen ari diren eta hiri gisa harrotzen gaituzten albiste onekin. Lortutako guztia errepasatu nahi dugu, lan hori aitortu eta etorkizunerako aurkezten zaizkigun erronkak hiriarekin partekatu”.

Donostiako azken 25 urteetan zientziak izan duen bilakaerari buruzko erakusketa bat irekiko da urriaren 22tik 27ra Alderdi Ederren, lau gairen inguruan: azken 25 urteetako pertsona, azpiegitura, mugarri eta pertsona garrantzitsuak.