Cianco: Euskadin sortutako altzairu herdoilgaitza mundu osoko eraikinetan

Euskadin tradizio luzea duen sektorea da altzairuaren ekoizpena eta eraldaketa, eta Ciancok, Donostiatik, horrek horreka izaten jarrai dezan lan egiten du. Altzairu herdoilgaitzaz eta Krionaz (harri naturalaren antzekoa) neurrira egindako produktuen fabrikazioan espezializatua, Gipuzkoako enpresak 1959az geroztik ostalaritzarako, elikadurarako, eraikuntzarako eta dekoraziorako proiektuak egiten ditu, eta bere garapenak Europako, Amerikako eta Afrikako hainbat herrialdetako eraikuntzetara eramatea lortu du.  

Bere proiekturik berrienen eta berezienen artean Montecarlon (Frantzia) egindakoa dago, Vista Palace hotel ospetsuarentzat egina. Hori 2014an Qatarko emirrak erosi zuen, eraisteko eta berreraikitzeko asmoz, luxu handiko bost izar bihurtzeko. Bertan, Gipuzkoako enpresak hotelean dagoen hiru Michelin izarreko jatetxeko sukalderako altzairu herdoilgaitzezko ekipamenduak egiteko aukera izan zuen. “Altzari neutroak dira. Armairu beroak, neurrira egindako hozkailuak, ‘self’ altzariak… Bertan lan egingo duten hirurogeita hamar pertsonek beren zereginak bete ahal izateko behar den guztia”, azaldu du Miguel García de Andoinek, Ciancoko gerenteak. Era berean, azpimarratu du “eskakizun teknikoak oso altuak zirela eta Frantziako, Italiako, Belgikako eta Portugalgo puntako enpresen lehiari aurre egin behar izan geniola”.  

Frantzian ere, Les Baux-de-Provencen, enpresaren beste proiektu enblematikoenetako bat kokatzen da. Bertan, L’Oustau de Baumanière jatetxean parte hartzeko aukera izan zuen, zeinak, aurrekoak bezala, hiru Michelin izar jaso dituen. Ciancok altzairu herdoilgaitzezko altzariak fabrikatzeko eta muntatzeko lanak egin ditu bere sukaldeetarako, Frantziako beste bi enpresarekin batera, Arhies Cuisine eta Provence Froid.    

Etxean ere hainbat proiektu garrantzitsu gauzatu ditu, hala nola barandak eta eskudelak fabrikatzea eta muntatzea duela gutxi berritu den Garbera Merkataritza Zentroan; metalezko egitura bat San Mames estadioko VIP arerako; hainbat elementu Barakaldoko 360 etxebizitzetarako; edo ia 7 tonako pisua duen leihatea Donostiako Iesu Parrokiarako, Rafael Moneo arkitekto nafarrak diseinatua.  

Berrikuntza eta teknologia, bidelagun

Ciancoren helburua, duela 60 urte baino gehiago hasi zenetik, produktu sendoak, erresistenteak eta denboraren poderioz aldaezinak eraikitzea izan da, diseinuari, estetikari eta xehetasunen zaintzari uko egin gabe. Horretarako, berrikuntza, material berriak sartzea eta kalitatea izan dira taldearen funtsezko osagaiak. SPRI Taldearen Hazitek programaren barruko I+G proiektu batean ere parte hartu du, Cidetecekin batera.  

Selekta izenpean, proiektu honen helburua altzairu herdoilgaitzezko altzariak egitea izan da, estetika bereizle eta kustomizatuekin, teknologia elektrokimiko selektiboak garatuz eta egokituz. Horrela, García de Andoinek azaldu duenez, “altzairua koloreztatzea eta materialaren beraren ezaugarri sanitarioak nabarmen hobetzea lortu da, zikinkeria uxatzea eta bere gaitasun higienikoa handitzea lortuz”.  

Euskal enpresen nazioarteko proiektuak bultzatzea da SPRI Taldearen helburuetako bat; izan ere, Basque Trade and Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bidez, leihatila bakarraren bidez bere baliabide eta laguntza guztiak jartzen ditu enpresen eskura, adibidez Elkartu, Gauzatu edo BEINT eta Global Training Bekak.