Olatz Garamendi Sailburuak Leizaola Saria eman die Joxerramon Bengoetxeari eta Aizbea Atelari euskal autonomiari eta autogobernuari buruzko ikerketa lanengatik

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburu Olatz Garamendi, Erakunde Harremanetarako Sailburuorde Jone Berriozabal, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko (IVAP) Zuzendari Maite Barruetabeña eta Autogobernu Zuzendari Begoña Perez de Eulate izan dira gaur Jesus María Leizaola 2021 Saria banatzeko ekitaldiaren buru. IVAPek urtero deitzen du sari hau eta aurten Euskadiko Artxibo Historikoaren egoitzan egin da banaketa, Bilbon. Lehiaketak euskal autonomiarekin eta autogobernuarekin zerikusia duten ikerlanak nabarmentzen ditu.

Epaimahaiak Joxerramon Bengoetxeari eman dio Leizaola Saria, ‘Elkarrizketa judizialak eta autogobernua. Euskadiko, Espainiako eta Europako justiziaren epifenomenoari buruzko azterketa soziojuridikoa’ lanagatik. Bere aldetik, Aizbea Atelak akzesita jaso du ‘Udal-autonomia indartzeko erronka: Euskadiko Toki Erakundeen Legea» izeneko lanagatik.

Bengoetxea Zuzenbidean doktorea da Edinburgoko Unibertsitatean eta Zuzenbidearen Filosofian katedraduna Euskal Herriko Unibertsitatean. Atela ere doktore da Zuzenbidean Deustuko Unibertsitatean, eta hainbat toki-erakundetan aritu da idazkaritzan, karrerako funtzionario gisa.

Aurkezpen hitzaldian, Garamendi Sailburuak Leizaola Lehendakariaren figura aipatu du, sari honen inspirazio iturri baita, eta haren esanahi historikoa eta ondare politiko eta kulturala nabarmendu ditu. “Ohore handia da Leizaola Sari hau Joxe Ramon Bengoetxea edo Aizbea Atela akademikoei ematea, haren ondarea ohoratzen duzuelako. Gure autonomiari eta berezitasunei buruzko ikerketa sustatzea da Sari honen helburua, beti ere diziplina zientifiko askotatik abiatuta”, adierazi duenez.

IVAPek deituta, Leizaola Saria urtero ematen da eta euskal autonomiarekin zerikusia duten ikerlan argitaragabeak saritzen ditu, edo haien azterketan eta sakontzean laguntzen dutenak. 1990ean egin zen lehen aldiz deialdia, Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakaria izan zenaren omenez, Jose Antonio Agirre lehendakariaren lekua hartu ondoren.