Athader, metalezko bobinentzako ebaketa-lineen mundu mailako hornitzaile nagusietako bat

Athader Errenterian (Gipuzkoa) kokatutako enpresa bat da, eta metalezko bobinentzako ebaketa-lineen mundu mailako hornitzaile nagusietako bat bihurtu da. Konpainiak handitu egin nahi du bere bezeroentzako epe ertaineko zerbitzuen eskaintza, urruneko arretarako gaitasuna hobetuz. Enpresak SPRI Taldearen zibersegurtasun industrialeko programaren laguntza bat jaso du. Duela hiru urtetik, SPRIk Basque Cybersecurity Centre (BCSC) zentroaren laguntza du zibersegurtasunaren euskal ekosistema bultzatzeko eta, ondorioz, baita ere laguntza ekonomikoak banatzen dituen programa honetarako.

Carlos Luengok (egungo zuzendari nagusiaren aitak) sortu zuen Athader 1992an, bere Donostiako etxeko ganbaran, “makineria industrialaren diseinurako ingeniaritzan jarduteko, batez ere ebaketa-lineetan. Pixkanaka handitzen joan zen (langileak, fakturazioa, produkzio gaitasuna, zerbitzuak emateko gaitasuna…), batik bat Europako eta Ipar Amerikako merkatuetan. Beti izan gara ingeniaritza mekaniko bat, baina urtez urte beste elementu batzuk ere sartu ditugu, hala nola elektronika, fabrikazioa, muntaia, salmenta ondorengo zerbitzuak…” diote Harkaitz Luengo zuzendari nagusiak eta Angel Maenza IT arloko arduradunak.

2015ean aldatu ziren Errenteriako instalazioetara, non 1.000 metro koadro baitauzkate bulegoetarako nahiz ingeniaritza-lanetarako, eta 6.000 metro koadro produkzio-lantegirako. Orain dela 30 urte pieza txikiak diseinatu eta fabrikatzeko xedez sortu zen enpresa hark ebaketa-lineetarako 20tik gora proiektu handi garatzen ditu urtean mundu osoan.

2012an beste mugarri garrantzitsu bat erdietsi zuten, Bradbury taldean -makina industrialen mundu mailako fabrikatzailea- integratu baitziren. “Horri esker lortu dugu nazioartean sendotzea, bereziki Estatu Batuetan”.

Enpresak 2016an ekin zion bere digitalizazio-estrategiari, hartara, “industrialki digitalizatzeaz gain, negozioaren aldetik ere digitalizatzen ari gara urtetik urtera”.

Altzairuaren zerbitzu-zentroak

Athader-ek metalezko bobinak prozesatzeko luzetarako ebaketa-lineak eta zapaltze-lineak fabrikatzen ditu. Bere bezero garrantzitsuenak Europan eta Ipar nahiz Hego Amerikan daude, baina baita ere Indian, Australian eta Afrikan. “Gure bezero garrantzitsuenak altzairuaren zerbitzu-zentroak dira, hau da, hirugarrenentzat bobinak prozesatzen dituztenak, baina badauzkagu bezero garrantzitsuak beste sektore batzuetan ere, hala nola automobilgintzan, eta altzairu herdoilezinaren, aluminioaren edo amaierako produktuen (hodiak, profilak edo metalezko egiturak) fabrikatzaileen sektoreetan”. Besteak beste aipatzekoak dira Arcelor Mittal, Tata, Gonvarri edota Acerinox.

Berrogeita bost pertsonaz osatutako plantillari gehitu behar zaizkio konpainiak Irunen erosi duen MP Machining fabrikazio-tailerreko 36 langileak. Enpresaren urteko fakturazioa 20-25 milioi euro bitartekoa da, eta hortik % 1-2 inguru bideratzen da I+G-ra.

SPRI Taldearen zibersegurtasun industrialeko programaren laguntzarekin perimetroaren segurtasuna handitu dute, eta lortu da “sareak segmentatzea, firewall-ak ugaritzea eta wifi sareak segurtatzea; garapen prozesuan murgilduta gaude”.

Athader-en etorkizuneko erronketako bat da bezeroei eskaintzen dien telezerbitzua hobetzea: “urruneko arretarako gaitasuna hobetu nahi dugu askotariko teknologiak baliatuz: urruneko konexioak, kamerak, errealitate birtuala, bezeroarekin komunikatzeko plataformak eta, epe ertainera, Big Data, machine learning eta biki digitalak”.

Horrez gain, produkzio-gaitasuna ere hobetu nahi du etorkizunean tailerrak eta hornitzaileak integratuz, eta Estatu Batuetako fakturazioa handitu nahi du, “hantxe baitago gure negozioaren % 25-30. Zibersegurtasun arloan, berriz, ezinbestekoa izango da egunean egotea, sekula amaitzen ez den lasterketa bat baita. Epe luzeko helburua da zibersegurtasun arloko plan zuzentzaile bat finkatzea, enpresaren helburuekin lerrokatuko dena”.