Eusko Jaurlaritzak, Bruselako Migrazioaren Europako 7. Foroan, gazte migratzaileentzako arreta-programa eta haiek integratzeko irtenbideak azalduko ditu

Noemi Ostolaza Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Kabineteko zuzendariak, gaur goizean, Migrazioaren Europako 7. Foroan, Eusko Jaurlaritzak eta EAEko erakundeek eskaintzen dituzten gazte migratzaileentzako EAEko programa eta kalteberatasun-egoeran dauden gazteak eta, bereziki, familia-erreferenterik ez dutenak integratzeko irtenbideak azaldu ditu. Foroa Europako Ekonomia eta Gizarte Komiteak eta Europako Batzordeak antolatu dute, Bruselan.

“EAEn kalteberatasun-egoeran dauden adingabeen eta gazteen gizarte- eta lan-inklusiorako estrategia bat eta lehentasunen agenda bat zehaztu ditugu: “Euskarri Estrategia” da, bizitza autonomorako proiektu baterako euskarri bat, betebehar eta eskubideen kontratu baten bitartez”, esan du Ostolazak Gazte migratzaileen sarbidea hezkuntzara eta prestakuntzara” eztabaida-mahaian; hura, Jacques Delors eraikinean izan da.

EAEko ordezkariak Forora bertaratu den espezialista-taldeari azaldu dionez, “tutoretzapeko adingabeen kasuan, euskarri estrategiko horiek hiru kontzeptutan zehazten dira: etxea, orientazioa eta prestakuntza. Tutoretzapekoak izan diren gazteen kasuan, euskarri-puntu estrategikoak gizarteratzea eta laneratzea, etxebizitza eta bizi-laguntza dira. Helburua bizitza autonomorako proiektu baterako bide ematea da”.

“Gure ustez, hezkuntza-sistemak, bereziki EAEkoak, funtsezko tresna batzuk ematen ditu migratzaileak integratzeko. Hori dela eta, EAEra iristen diren pertsonak, 16 urtetik beherako adingabeen kasuan, hezkuntza-sistemara sarbide normalizatua izaten dute, eta, hartan, behar dituzten laguntzak jasotzen dituzte, bai hezkuntza-aldetikoak bai gizarte-aldetikoak”, esan du Ostolazak.

“Estrategia hori ikuspegi paternalistatik eta edozein espiritu biktimistatik urruntzen da. Hezkuntza-mezu nagusia honako hau da: bizitzan aurrera ateratzeko, gogor lan egin behar da. Horretarako, euskarriak izan behar dira”, esan du Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Kabineteko zuzendariak, laburtzeko.

Zuzendariaren hitzen arabera, “estrategia horren esparruan ibilbide pertsonalizatu eta integralen programa pilotu bat garatzen dihardugu, familia-laguntzako sarerik ez duten gazteen inklusiorako eta helduaroko trantsiziorako prozesuak sustatzeko. Programa horri “Trapezistak” esaten diogu. Horretarako, prestakuntza funtsezkoa da; izan ere, aukera ematen du gazteak gaitzeko eta haiek bizitza-proiektu autonomoa eta haien ingurunean integratua izateko.

Espezialistak eta gazteak

Ali Al-Jaberi izan da moderatzailea, eta Foroaren irekiera-ekitaldian honako hauek izan dira: Paul Soete Migrazio eta Integrazioko Talde iraunkorreko presidentea; Michael Shotter Europako Batzordeko Migrazio eta Etxeko Gaietarako Zuzendaritza Nagusiaren Asilo eta Migrazioko zuzendaria eta Mahdiyah Ayub gazte liderra eta Irlandako Futbola Batasunerako proiektuko kidea.

Foroan “gazte migratzaileak inklusio gaztearen eragile gisa” eremuaren moderatzailea Anila Noor New Women Connectors-ekoa izan da, Seyran Khalili Norvegiako “Young Connectors – Women Connectors”ekoarekin, Rachel Streefland Utrecht-eko ministroarekin, Catriona Graham World Scout Bureau – European Support Centre-ko abokatuarekin eta zuzendariarekin eta Belén Vallina Espainiako Yaran-en sortzailearekin batera.

Gaur arratsaldean, migratzaileekiko jarrera publikoak aztertuko dira, Michael Palmer Europako Batzordeko Migrazioetarako Zuzendari Nagusiaren Komunikazioko zuzendaria moderatzaile izango duen topaketa batean. Hartan, Fridoon Joinda hegaztien migrazioetan espezializatutako zinemagileak eta Luca Barani Europako Batzordeko Migrazioetarako Zuzendari Nagusikoak parte hartuko dute.

Bihar, ostiralean, zazpigarren Foro horretan Ylva Johansson Etxeko Gaietarako Europako komisarioak eta Christa Schweng European Economic and Social Committeeko presidenteak parte hartuko dute. Arratsaldean, Juan Fernando López Aguilar-ek, Johannes Luchner-ek, Vincenzo Biancok, Katrina Leitane-k eta David Vondrácek-ek itxiko dute topaketa.