Legarretak migrazio eta asiloko zuzendaritzaren aurrekontuaren % 60ko igoera iragarri du, 2023an EAE-ko harrera-eredua sendotzeko

«EAEk badauzka EAEko Harrera Eredua era dezaketen osagai guztiak. Eredu horrek azken eta behin betiko osagai bat behar du: migrazio-arloko politiken eskumena eskualdatzea; berriro ere aldarrikatzen diogu Estatuko gobernuari eskumen hori eskualdatzeko”. Xabier Legarretak eskaera hori egin du Harrerarako eta Inklusiorako Bidean izeneko EAEko Immigrazioari eta Integrazioari buruzko XII. Jardunaldien irekiera-saioko hitzaldian. Jardunaldiak gaur eta bihar bitartean izango dira, Bilboko Bizkaia Aretoan.

Jardunaldien inaugurazio-ekitaldian, era berean, Gorka Moreno UPV/EHUko Bizkaiko campuseko errektoreordeak, Julia Shershneva Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendariak eta Javier Pérez Biltzen Gizarteratzearen eta Kulturarteko Bizikidetzaren Euskal Zerbitzuko zuzendariak parte hartu dute.

Bi egunez, Bizkaia Aretoan gai horretan adituak diren pertsonak egongo dira. Bertan, harrerari buruzko ponentzia eta mahainguruetan hitz egingo dute desintegrazioaren, erronka eta ikaskuntzen, udal-erakundeak hartzeko eta barneratzeko jarreren, diskurtsoen eta baliabideen edo gizarte-aholkularitzaren ikuspegitik.

Topaketa horretan, gaiaren inguruko adituak batu dira, eta, haren esparruan, Xabier Legarretak zuzendaritzaren lehen urteko balantzea egin du, eta esan du hurrengo ekitaldirako urteko aurrekontua % 60 inguru areagotuko dela. “Asmoa da ekitaldi honetako 9 milioi baino pixka bat gehiagoko aurrekontua izatetik 2023rako 15 milioi baino gehiago izatera igarotzea”, esan du Legarretak.

Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asiloko zuzendariak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren mendekoak, EAEko Harrera Eredua dagoeneko “eraikita” dutela esan du, eta, horretarako, haren Zuzendaritzak sustatzen dituen zenbait baliabide eta programa aipatu ditu.

Hala, bizitegi-baliabideei dagokienez, Harrera programaz hitz egin du; hark aldi baterako harrera ematen du eta gizarteratzeko prozesuetan lan egiten du. Eta, era berean, Oñatiko Larrañaga Etxea, Tolosako Zuloaga Txiki eta Berrizko Olakueta Etxea zentro-etxeak aipatu ditu. “Horrez gainera –esan du–, azken urtean, Irungo Hilanderas II baliabidea zabaldu da; haren bidez, iragaitzazko migrazio-fenomeno delakoan egon daitezkeen sarrera-fluxuei berehalako arreta eta erantzuna eman ahal izango diegu”.

Legarretak beste programa bat ere nabarmendu du: Aholku Sarea, Atzerritartasunaren arloko Arreta Juridikorako EAEko Sarea; 2022. urte-hasieran, aurrez aurreko arreta emateko bost bulego berri ireki ditu Azpeitia, Mungia, Gernika, Bermeo eta Zalla udalerrietan. Aholku Sarea Biltzenek, hirugarren sektoreko zazpi erakundek eta hiru abokatutza-elkargoek eratzen dute. 2021ean, bertako profesionalek 8.000 pertsona baino gehiagori eman zieten arreta, 23.321 kontsultari erantzun zieten eta 1.342 profesionalen zalantzak argitu zituzten.

Babes Komunitarioa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak sustatzen duen beste ekimenetako bat da; helburua da EAEko udalerrietako auzoetan familia etorkinak laguntzeko eta integratzeko tokiko sare bat sortzea. “Joan den maiatzean, bigarren edizioa hasi zen; Siriako sei familia iritsi ziren”, esan du Legarretak. Legarretak esan du programa “errefuxiatuen mugimenduei erantzuteko baterako erantzukizuneko eta ahaleginerako eredu” dela.

Migrazio eta Asiloko zuzendariak, era berean, Urretxindorra Mentoretza proiektua aipatu du –dagoeneko hiru lurraldeetara zabaldu da–, bai eta aurkeztu berri den Trapezistak ere, familia-laguntzako sarerik ez duten gazte migratzaileak kaletik ateratzeko programa.

Aipamen berezia egin dio Eusko Jaurlaritzak Errusiak Ukrainan egin duen inbasioak eragindako krisiari. “Lan-mahai bat deitzeko beharra izan zen; hori dela eta, oso azkar prestatu, kudeatu eta koordinatu genituen bi kontingentzia-plan eta harrera-, asistentzia- eta laguntza-programa batzuk”, esan du. Era berean, zenbait zifraren berri eman du: 3.000 pertsonak eskatu dituzte eta dauzkate, dagoeneko, osasun-txartelak; 1.300 pertsonak EAEko hezkuntza-sistemako zentroetan matrikula egiteko eskatu dute; Estatuko babes-sistematik kanpoko 952 familia-unitate Eusko Jaurlaritzak abian jarritako prestazio ekonomikoen onuradun dira, eta 500 pertsonak laguntza eta arreta psikosoziala jaso dituzte.

Azkenik, Xabier Legarretak Migraziorako EAEko Itun Soziala aipatu du; “tresna beharrezkoa eta funtsezkoa, gero eta sendoago entzuten diren diskurtso xenofoboei” aurre egiteko. EAEko ehun udal baino gehiago atxiki zaizkio, dagoeneko, Itunari, “EAEn migrazio-erronkei erantzun positiboa emateko eta demagogia populistari aurre egiteko diskurtso partekatua eta batasun-unitatea finkatzeko garatu dugun kanpainari esker”, esan du.

2022-2025erako Herritartasunaren, Immigrazioaren eta Asiloaren Kulturarteko VI. Planaren bidez, Legarretaren iritziz beharrezkoa da “gizarte-integrazioa eta aniztasunaren kudeaketa antolatzea eta, aldi berean, lehentasuntzat jotzen dugu gure gizartearen eta hura gobernatzen duten pertsonen agenda estrategikoan migrazioa behar bezala kokatzea eta dimentsionatzea”.

Migrazioaren Europako Foroa Bruselan

Noemi Ostolaza Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Kabineteko zuzendariak, gaur goizean, Migrazioaren Europako 7. Foroan, Eusko Jaurlaritzak eta EAEko erakundeek eskaintzen dituzten gazte migratzaileentzako EAEko programa eta kalteberatasun-egoeran dauden gazteak eta, bereziki, familia-erreferenterik ez dutenak integratzeko irtenbideak azaldu ditu. Foroa Europako Ekonomia eta Gizarte Komiteak eta Europako Batzordeak antolatu dute, Bruselan.

“EAEn kalteberatasun-egoeran dauden adingabeen eta gazteen gizarte- eta lan-inklusiorako estrategia bat eta lehentasunen agenda bat zehaztu ditugu: “Euskarri Estrategia” da, bizitza autonomorako proiektu baterako euskarri bat, betebehar eta eskubideen kontratu baten bitartez”, esan du Ostolazak “Gazte migratzaileen sarbidea hezkuntzara eta prestakuntzara” eztabaida-mahaian; hura, Jacques Delors eraikinean izan da.

“Gure ustez, hezkuntza-sistemak, bereziki EAEkoak, funtsezko tresna batzuk ematen ditu migratzaileak integratzeko. Hori dela eta, EAEra iristen diren pertsonak, 16 urtetik beherako adingabeen kasuan, hezkuntza-sistemara sarbide normalizatua izaten dute, eta, hartan, behar dituzten laguntzak jasotzen dituzte, bai hezkuntza-aldetikoak bai gizarte-aldetikoak”, esan du Ostolazak.