Euskadiko 2023ko Aurrekontuen Proiektuak 14.250 milioi euroko zenbatekoa du, gizarte-politika eraginkorrak bermatuko ditu eta jarduera ekonomikoa bultzatuko du, enplegua sortzeko

Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorren Proiektua onartu du gaur. Aurrekontuek 14.250,7 milioi euroko zenbatekoa izango dute, eta, beraz, % 8,7ko igoera izango dute 2022an onartutakoekin alderatuta (1.142 milioi euro gehiago). Aurrekontuen proiektu horren % 76 (10.254,6 M€) gizarte-politiketara bideratuko da. Aurrekontu-igoerarik handiena izango duten Sailak Osasuna eta Hezkuntza izango dira, eta, haien atzetik, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioa, Lana eta Enplegua eta Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak. Eusko Jaurlaritzak eutsi egin dio inbertsio publikoaren aldeko apustu irmoari, eta 1.800 milioi eurotik gorakoa izango da (2022an baino % 14,8 handiagoa). Halaber, I+G+Bra bideratutako aurrekontuak % 12ko igoera izango du, eta 658,4 milioi eurora iritsiko da (2022an baino 70,6 milioi euro gehiago).

2023ko aurrekontua Europako MRR Funtsetako diru-sarrerak jasotzen dituen lehena da. Diru-sarrera horiek 260 milioi euroko zenbatekoa dute, eta sailek une honetan Europarekin hartutako konpromisoak betetzeko gauzatu behar dituzten jarduketetara bideratuko dira.

“Aurrekontuen proiektu honen oinarriak oso sendoak dira, eta haren kaudimenak bermatzen du Euskadi gai izango dela bere zerbitzu publikoen mailari eusteko, jarduera ekonomikoa bultzatzeko, enplegua sortzeko eta bizi dugun egoera ekonomiko eta sozial nahasiari aurre egiteko”, adierazi du Azpiazuk.

2023ko aurrekontuak, halaber, genero-berdintasunarekiko konpromiso irmoa jasotzen du, eta aurrekontuen % 17 bideratuko da horretara (2022ko aurrekontuan baino puntu-erdi gehiago). Gainera, konpromiso hori politika publiko guztietara eraman nahi da.

Urriaren 28an, aurrekontuen proiektua Eusko Legebiltzarrean erregistratuko da, eta sailburuek agerraldia egingo dute azaroaren 2tik 4ra bitarte. Agerraldi horien ondoren, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP-Cs taldeekin balizko aliantzak kontrastatzeko aukera irekiko da. Proiektua onartzeko aurreikusitako eguna abenduaren 23a izango da. “Espero dut guztiok guztion ongiari lehentasuna ematea, erantzukizuna, errealismoa eta kudeaketa publiko zentzuduna eta zalapartarik gabea beharrezkoak diren garai nahasi hauetan”, adierazi du sailburuak.