eLankidetzak GGKE-en 75 proiektu babestuko ditu 23 herrialdetan

eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailean dagoena, 32 miloi euro eman dizkie hiru modalitatetan banatzen diren 75 proiekturi: garapenerako lankidetzako proiektuak; garapen produktiboko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko proiektuak, eta gizarte-eraldaketarako hezkuntza proiektuak. Deialdi hori da eLankidetzaren ardatz garrantzitsuena, bai funtsei dagokionez, eta baita sustatzen dituen eragile eta ekintza kopuruagatik ere.

eLankidetzaren lehentasun estrategikoei jarraituz, onartutako ekimenen % 22 emakumeen ahalduntzeari zuzenduak daude eta % 8 giza eskubideen defendatzaileak babestera. Bestalde, % 20 Saharaz Hegoaldeko Afrikan egingo dira eta % 15 Euskadin.

Tokiko testuinguruak lagunduz, erronka globalei erantzun

Garapenerako lankidetzaren proiektuek balio dute pobreziaren aurkako borrokarako eta pobretutako Hegoaldeko herrialdeen tokiko garapenerako prozesuak indartzeko.

Azken horietara bideratu dira funts gehienak ?26 milioi euro inguru? eta 51 proiektuk jasoko dute dirulaguntza. 22 herrialdetan egingo dira, horietatik nagusiak dira Guatemala, Mexiko eta Kolonbia, eta, Afrikan, Senegal eta Ruanda.

Garapenerako lankidetzako proiektuak Euskadiko eta Hegoaldeko erakundeen bidez gauzatuko dira, eta, nagusiki bideratuko dira emakumeen ahalduntzera, eragin politikora eta eskubideen sendotzera edo bidezko eta jasangarria den garapen produktibora, besteak beste.

Garapen produktiborako, prestakuntzarako eta laguntza teknologikorako ekimenei dagokienez, lau proiektu onartu dira Ekuadorren, Kolonbian, Kuban eta Brasilen. Guztira, 1,2 milioi euro jasoko dituzte.

Azkenik, gizarte-eraldaketarako hezkuntzan 20 proiektu onartu dira, eta 4,8 milioi euro zuzenduko dira. Hezkuntza ekimen batzuk elikadura subiranotasunaren, ingurumenaren, emakumeen eskubideen, hizkuntza gutxituen, feminismoen edo giza eskubideen ingurukoak izango dira.

Proiektu horiek guztiak Euskadin egingo diren arren, Hegoaldeko errealitatearekin lotura izango dute; izan ere, helburua da munduko desberdintasunak sortzen dituzten egiturazko arrazoien ulermena sustatzea eta, gizartea eraldatzeko, euskal herritarren inplikazioa eta konpromisoa bultzatzea.