Euskadik, oraingoz, 1.154 milioi euro bereganatu ditu MRRren Europako funtsetatik, eta bi eskualde-proiektu aurkeztu ditu adimen artifizialaren eta zibersegurtasunaren arloan

MRR EUSKAL TOKI ERAKUNDEETAN

Euskal toki-erakundeek xurgatutako zenbatekoa 122M €-tik gorakoa da gaur egun (lehen aipatutako 182,25M €-ko zuzeneko kudeaketaren zifran sartuta). 187 udalerrik jaso dute dirua, eta, jakina, hiriburuek metatzen dute horien ehuneko handiena: % 74,7 (Bilbok % 30,9, Donostiak % 29,2 eta Vitoria-Gasteizek % 14,6). Lurraldeka, Bizkaiko 78 udalerrik funts guztien % 42,5 jaso dute, Gipuzkoako 73k % 40,3 eta Arabako 36k % 17,2

Helmugak bat datoz udal-eskumenekin, eta lotuta daude hirietan mugikortasun jasangarria, segurua eta konektatua bultzatzearekin ( % 65,4), turismo-sektorearen modernizazioarekin eta lehiakortasunarekin ( % 26,2), hiri-enpresa txiki eta ertainak bultzatzearekin ( % 4,8), konektagarritasun digitalarekin, zibersegurtasuna bultzatzearekin eta 5Ga zabaltzearekin ( % 2,9), hiri-birgaitze eta -berroneratzearekin ( % 0,7) eta lanbide-heziketa bultzatzearekin ( % 0,1).

RETECH proiektuak

RETECH programa (Espezializazio Teknologikoko Lurralde Sareak) Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioaren ekimen bat da, eta joan den uztailaren 8an aurkeztu zen. Eraldaketa eta espezializazio digitalera bideratutako eskualde-proiektuak artikulatzea du helburu; bi autonomia-erkidego gehiagorekin parte hartu behar da, eta parte hartzen den proiektuetako bat bakarrik gidatu behar da.

Calviño lehendakariordeak uztailean lehendakariari helarazi zion gutunean programa horren berri eman zen, eta abuztuaren hasieran, Eusko Jaurlaritzak bere proposamenak aurkezteko gonbidapen publikoa jaso zuen. Joan den urriaren 14an Eusko Jaurlaritzak bi ekimen aurkeztu zituen:

Adimen artifiziala eta industria. Euskadi da buru, eta Madrilgo Erkidegoak eta Galiziak parte hartzen dute. Adimen artifizial aplikatua industrian erabiltzeko kasuak garatzea du helburu, enpresen eskaerari erantzuteko. Euskadirako proiektuaren aurrekontu osoa 18,6M €-koa da, eta Estatuak 12,5M €finantzatuko lituzke horietatik.
Zibersegurtasuna Gaztela eta Leongo Juntak zuzentzen du, eta, Euskadiz gain, Andaluziak ere parte hartzen du. Proiektuaren helburua da zibersegurtasuneko ekosistema bultzatzea eta indartzea, eskualdeko zibersegurtasuneko nodoen sare koordinatuan lan eginez. Euskadirako aurkeztutako aurrekontua 14 M €-koa da, eta Estatuak 10,5 M €jarriko lituzke.
Ebazpena urtea amaitu baino lehen jakinaraziko da.