12 milioi euro baino gehiago Hiri-Berroneratze Integralerako

Fatxadak eta estalkiak birgaitzea eta etxebizitza-eraikinetan eguzki-plakak instalatzea. Horiek izango dira plan honetako jarduerarik nabarmenenak. Hiri-berroneratze integraleko plan honetan garatu beharreko jarduketak pixkanaka burutuko dira 2025era arte.

Gaur goizean aurkeztu da Donostiako Udalean Altzako hiri-berroneratze integralerako proiektua. Proiektuak 12.470.000€-ko inbertsioa eragingo du, eta Eusko Jaurlaritzak 9.463.000€-ko ekarpena egingo du. Proiektuan, Donostiako Sustapenaz gain, Etxegintzak, Ingurumenak, Hiri Mantentzeak eta Proiektu eta Obrek ere parte hartzen dute.

Altza da Donostian etxebizitza gehien biltzen dituen auzoetako bat, 8.997 etxebizitza baititu 1.181 ataritan banatuta. Auzoko eraikinen %85,8 1981 baino lehen eraikita daude, eta hiriko batez besteko errenta pertsonal txikiena dute.

Lanbideren abuztuko datuen arabera, auzoak (19.576 bizilagun) 988 pertsona ditu langabezian, eta guztizkoaren %5 hartzen du. %56,3 emakumeak dira, eta 35‑54 urteko tartea da kaltetuena, ia 500 pertsona baitaude lanik gabe.

12.470.000€-ko inbertsioa auzoko gune kalteberenetan egingo da: Harria, Arriaga, Arrizar, Roteta, Casares eta Santa Brbara. Plan horren bidez, berroneratzeko jarduketak egingo dira, bai bizitegi eraikinetan, bai azpiegituran, berrurbanizazioan eta kutsatutako lursailak lehengoratzean, eta, horretarako, hiri-eremua, berdeguneak eta irisgarritasuna hobetuko dira. Esku-hartze horiek guztiek eragina izango dute auzoan, energia-gastua eta CO2 isuriak murriztuz.