Euskadik Bide Segurtasunaren eta mugikortasun jasangarriaren aldeko lehenengo itun sozial eta instituzional handia sinatu du

Iñigo Urkullu lehendakaria, Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak lagunduta, buru dela egin da gaur goizean Bide Segurtasunaren Aldeko Euskal Itunarekin, lehenengo 14 elkarte eta erakundek guztion ongiaren, Euskadiko Bide Segurtasunaren eta mugikortasun seguru, jasangarri eta efizientearen alde hartu duten konpromiso etikoarekin, bat egiteko ekitaldi publikoa. Ekimen aitzindaria da, ezaugarri horietako lehenengo Ituna baita, eta panorama konparatuan helburu bikoitzarekin sinatu da:

    • 2030erako, 2020. urtearekin alderatuta, % 50 murriztea Euskadiko kale eta errepideetan hildako eta larri zauritutako pertsonen kopurua.
    • 2050erako “Vision Zero” betetzea, hau da, Euskadiko kale eta errepideetan zero hildako edo zauritu larri izatea lortzea.

Lehendakariarekin batera sinatu dute Itun hau Ramiro González Arabako nagusiak; Unai Rementeria Bizkaiko diputatu nagusiak; Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak; Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta Eudelen presidenteak; Juan Maria Aburto Bilboko alkateak; Eneko Goia Donostiako alkateak; Ainhoa Alustiza EITBMediako gerenteak; Maialen Olabe Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren ordezkariak; Raúl Mena Euskadiko Txirrindularitza Federazioaren ordezkariak; Marian Cogollos Aesleme Elkartearen ordezkariak; Félix Ortiz de Zarate, Euskofederpen Elkartearen ordezkariak; Ana Novella Istripuak Stop Elkartearen ordezkariak; eta Rosa María Trinidad, Bide Indarkeria Stop Elkartearen ordezkariak.

Gainera, hemendik aurrera, Itun honekin bat egin dezakete bide-segurtasunaren esparruan esku hartzen duten sistema publiko eta pribatuko eragile guztiek.

GJH, Agenda 2030

OMEren kalkuluen arabera, munduan urtean 1,3 milioi pertsona hiltzen dira trafiko-istripu baten ondorioz. Hau da, 3.700 pertsona egunean. Berez, trafiko-istripuak dira 5 urtetik 29 urtera bitarteko pertsonen heriotza-kausa nagusia.

Zifra horien aurrean, Nazio Batuen Erakundearen 2030 Agendak Bide Segurtasuna eta mugikortasun seguru eta jasangarria sartu zituen Garapen Jasangarrirako 17 Helburuetan. Bide horri jarraituz, Bide Segurtasunaren Aldeko Euskal Itunak 17 konpromiso hartu ditu Itunarekin bat egin duten erakunde guztiek egindako ekarpenetatik abiatuta, trafiko-istripuen ondoriozko heriotzarik eta lesio larririk gabeko gizarte bat izatera iristeko erantzukizun eta lankidetza partekatua areagotzeko. 17 konpromiso bateratu horiez gainera, erakunde bakoitzak konpromiso indibidual batzuk zehaztuko ditu, eta, hemendik aurrera, horien jarraipena eta ebaluazioa egingo da gobernantza-eredu egituratu baten bidez. 

Azken helburua da Euskadi Europan erreferente izatea Bide Segurtasunean eta trafikoaren kudeaketan, hildakoen eta zauritu larrien kopurua murrizteko helburu globala betez.   

Errepidean, heriotza bakar bat ere ez da onargarria

Azken bi hamarkada hauetan Euskadin:

    • urtean 218 pertsona hil ziren trafiko-istripuetan.
    • 2010ean 67.
    • 2015ean 53.
    • 2019an 51.
    • 2021ean 42.

Beheranzko joera argi eta garbi finkatu da, eta, berez, Euskadiko milioi biztanleko istripu larrien tasa Europako iparraldearekin bakarrik aldera daiteke. Baina zifrak oraindik ere ez dira onargarriak, horregatik, Bide Segurtasunaren Aldeko Euskal Itunak argi eta garbi adierazten du trafiko-istripuen ondoriozko heriotza edo lesio larri bakar bat ere ez dela onargarria, eta hildakoak edo zauritu larriak eragin dituen istripu baten azken erantzulea ez dela bidea erabiltzen duen pertsona bakarrik, baizik eta baita Bide Segurtasunaren arloan esku hartzen duten gainerako eragileak ere.

Horrela, burutu den aliantzak aditzera ematen du erakundeek eta euskal gizarteak Bide Segurtasunarekin, pertsonen bizitzarekin eta gizarte-ongizatearekin hartzen duten konpromisoa. Era berean, garraio publikoa suspertuko duen eta kolektiborik zaurgarrienen, hau da, oinezkoen, txirrindularien, motor-gidarien, pertsonen mugikortasunerako ibilgailuen gidarien, dibertsitate funtzionala duten pertsonen eta adingabeen, babesa lehenetsiko duen mugikortasun segurua sustatzeko erakundeen arteko eta arlo pribatuaren eta publikoaren arteko lankidetza indartu ere egiten da.

Bestalde, helarazten da trafiko-istripuen ondoriozko hildakorik edo zauritu larririk gabeko errepide-sarea izatea lortzea gizarte osoari dagokion erronka globala dela. Erantzukizun partekatua da, beraz, eta zirkulazio-arauak betetzetik eta bideko erabiltzaileen arteko elkarbizitzatik eta errespetutik abiatzen da.

Bide Segurtasunaren aldeko solasaldiak 

Gaur goizean Lehendakaritzaren egoitzan egin den ekitaldian istripuen prebentziorako sentsibilizazio-kanpainetan Eusko Jaurlaritzarekin oso aktiboki lan egiten duten lau pertsonaren arteko solasaldia izan da: Julian Iantzi, motozalea, komunikatzailea eta Bide Segurtasunaren arloko preskriptorea; Alaitz Arbilla, Bizkarrezur Muineko Lesioa Ikertzeko AESLEME elkarteko Euskadiko koordinatzailea; Alfonso Ortiz, 18 urtetik motor-gidaria eta “Versys Aventure Bizkaia” motozale taldeko kidea; eta Edurne Andueza, trafiko-istripuen ondorio diren lesio ugari tratatzen dituen fisioterapeuta.

Solasaldi irekian gogoratu dute istripu larri bakoitzaren atzean pertsonak, familiak, lagun minak eta, batez ere, betiko etendako bizitzak daudela.