Euskal Herriko Unibertsitatea, Dominikar Errepublikan

Azaroaren 15etik 18ra, Santo Domingoko Unibertsitate Autonomoan, Graduondoko Sare Latinoamerikarraren “Zuzenbidea, Filosofia, Ekonomia, Soziologia, Psikologia eta Hezkuntza Mundu Global batean” Nazioarteko VII. Kongresua egingo da, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Santo Domingoko Unibertsitate Autonomoak antolatuta, Dominikar Errepublikako Goi Mailako Hezkuntza, Zientzia eta Teknologia Ministerioaren eta Gizarte Zientzietako Goi Mailako Ikasketen Institutu Globalaren (Iglobal) laguntzarekin. Graduondoko Sare Latinoamerikarra Euskal Herriko Unibertsitateak gidatzen du, eta, gaur egun, Latinoamerikako 12 herrialdetako 17 unibertsitatek osatzen dute.

Biltzarraren inaugurazio ekitaldian honako hauek hartuko dute parte: Franklin García Goi Mailako Hezkuntzako, Zientziako eta Teknologiako ministroak; Editrudis Beltrán Crisóstomo Santo Domingoko Unibertsitate Autonomoko errektoreak; Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak; Fernando Tapia Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak; eta Juana Goizueta Graduondoko Sare Latinoamerikarreko zuzendariak. Era berean, Nekane Balluerka Portaera Zientzien Metodologiako arloko katedradun eta Euskal Herriko Unibertsitateko errektore ohiak emango du hasierako hitzaldia; hauxe, hain zuzen: “Suizidioa nerabezaroan eta gaztaroan. Mitoak, alarma seinaleak eta prebentzio estrategiak”.

Euskal Herriko Unibertsitatea buru duen Graduondoko Sare Latinoamerikarra bi urtez behin biltzen da, nazioarteko kongresu baten esparruan, sarea osatzen duten doktoregaiek beren ikerketetan egiten dituzten aurrerapenak aurkezteko eta ezagutza trukatzeko.

“Pandemia garaian maila globalean bizi izandako une zailen ondoren, Dominikar Errepublikan VII. Kongresuarekin aldi berri bat inauguratu nahi dugu, Sareari bultzada berri bat emateko apustu irmoarekin, erreferente eta aitzindari diren Latinoamerikako unibertsitateekin ditugun aliantza eraldatzaileak zabalduz. Gure ahaleginak egungo aliantzak aktibatzera eta sendotzera bideratu behar ditugu, baina Sarea hedatzeko lanean ari gara”, azpimarratu du Fernando Tapiak, Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak.

Graduondoko Sare Latinoamerikarra

Graduondoko Sare Latinoamerikarra 1997an sortu zen. Urte horretan eman zen lehen aldiz “Gizartea, Demokratikoa, Estatua eta Zuzenbidea” programa aitzindaria Mayaguezeko (Puerto Rico) Eugenio Mª de Hostos Fakultatean. Orduz geroztik, Euskal Herriko Unibertsitateak graduondokoen presentzia akademikoa sendotu du Latinoamerikan, eta, gaur egun, Latinoamerikako 12 herrialdetako 17 unibertsitatek osatzen dute Sarea. Unibertsitateen sare horrek goi mailako komunitate akademiko bat osatzen du. Bertan, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleek unibertsitate masterrak eta doktorego programak ematen dituzte, eta doktorego tesiak zuzentzen dizkiete Latinoamerikako ikasleei. Horrela, 1.700 ikasle baino gehiago igaro dira Saretik, eta, orain arte, 221 doktorego tesi defendatu dira. Sare hori arlo hauetan garatu da gehienbat: Zuzenbidea, Ekonomia, Filosofia, Psikologia, Hezkuntza eta Meatzaritza.

“Sare horren bidez, UPV/EHUk bere nazioarteko presentzia handitzeko asmoa du, herrialde horietan kalitatezko garapen akademikoan laguntzeko helburu nagusiarekin eta kalitatezko prestakuntzarekin eta ahalmen akademiko garrantzitsuarekin konprometituta dauden unibertsitateen bitartez”, Fernando Tapiak ondorioztatu duenez.