Genero-indarkeriaren biktima diren emakume ijitoei arreta emateko profesionalen prestakuntza indartuko du Emakundek

Emakundek antolatutako «Genero-indarkeriaren biktima diren emakume ijitoentzako arreta EAEn» jardunaldiaren barruan, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak iragarri du bere sailak, Emakunderen bitartez, profesionalen prestakuntza indartuko duela indarkeria matxistaren biktima diren emakume ijitoen arreta hobetzeko. Zehazki, emakume ijitoen arretari buruzko modulu bat sartuko da JABETUZ ikastaro aurreratuan, profesionalentzat, eta bi gida landuko dira: bata, genero-indarkeriari eta ijito-komunitateari buruzkoa, emakume biktimei arreta ematen dieten profesionalentzat; eta bestea, genero-indarkeriari eta emakume ijitoei beraiei zuzendutako arreta-baliabideei buruzkoa. Sailburuak adierazi duen bezala, “ezin zaio genero-indarkeriaren biktima diren emakume ijitoen arretari heldu haien errealitatea ezagutu gabe. Arreta generoaren eta giza eskubideen ikuspegitik eta ikuspegi multikultural batetik egitea nahi dugu”.