Emaktiva proiektua: emakumeak laneratzeko orientazioa eta esku-hartzea

Enplegua, autonomia ekonomikoa sortzen duen gune izateaz gain, eskubide sozialak eta identitate sozial eta komunitarioa sortzen dituen elementua da. Hala, enplegua ez da soilik oinarrizko premiak asetzeko diru-sarrera iturri bat; aitzitik, funtsezko eginkizuna du pertsonen egonkortasun emozionalean eta ongizatean, bereziki, langabezian dauden eta/edo lan prekarioak dituzten pertsonen kasuan. Izan ere, aurre egin behar diete antsietateari, depresioari, etsipenari, suminkortasunari, lo-arazoei eta elikadura-desorekei, autoestimua eta konfiantza galtzeko arazoei eta abarrei, eta, gainera, estresa eragiten dieten beste hainbat faktore jasaten dituzte; esaterako, presio soziala eta/edo familia-presioa, ezereztasun-sentimendua, zailtasun ekonomikoak, eta eskubide sozialak galtzea (langabezia-prestazioak, erretiroa, etab.).

Estresa eragiten duten faktoreak esponentzialki biderkatzen dira kalteberatasun-egoeran eta langabezian dauden emakumeen kasuan, aurreko guztiari honako ezaugarri hauek gehitu behar baitzaizkio, besteak beste: generoan oinarritutako desberdintasun sozialeko egoera eta horren ondorioak; indarkeria matxista; prekaritate ekonomikoa (bikote-harremana hautsi edo banandu ondoren bakarrik dauden emakumeak, alargun geratu direnak eta adingabeak ardurapean dituztenak); kontziliazio-arazoak; langabezia-tasa handiagoak; lanaldi bikoitzak eta hirukoitzak; lan-prekaritate handiagoa, eta lan-merkatuan sartu eta handik irtetea, zaintza-lanetan aritzeko (adingabeak eta mendeko pertsonak).

Langabezia faktore anitzeko fenomeno gisa ikusi behar da; genero-ikuspegia aplikatu behar zaio ikuspegia ez galtzeko, eta egoerak ikuspegi feministatik aztertu. Ez da kasualitatea emakumeek antsietate- eta estres-tasa handiagoak izatea, ezta medikalizazio-tasa handiagoak ere. Faktore horiek eta beste batzuek eragina dute emakumeek beren gaitasunei eta aukerei buruz duten pertzepzioan.

Hori horrela, emakumeei lan-munduan behar bezala sartzen laguntzeko, beharrezkoa da lan-arloan ez ezik, alderdi pertsonaletan eta sozialetan ere esku hartzea. Horregatik, Emaktivan, laguntza eskatzen duten emakumeei lana aurkitzeko baliabideak eta tresnak ematetik haratago doan ikuspegi baten aldeko apustua egiten dugu, eta ahalduntzetik abiatuta egiten dugu lan, norberaren egoeraz eta eskubideez, eta haien indargune eta interesez jabetzeko tresna gisa.

Laguntza-prozesu honetan, gogoeta egiteko, aukeratzeko, gaitasun soziopertsonalak eta emozioak kudeatzekoak garatzeko, konfiantza eta autoestimua areagotzeko eta norberaren bizitzaren, erabakien, gorputzaren eta ingurunearen gaineko kontrol handiagoa izateko espazioa eta denbora aurkitzen dute emakumeek, eta beren autonomia eta botere pertsonala indartzen dute. Haiek dira beren prozesuaren erdigunea eta eragilea.

Askotariko edukiak lantzen dira: autoezagutza eta emozioak ulertzea (emozioak identifikatzea; emozio negatiboak desmitifikatzea; gorputzarekin lotura sortzea, emozioen adierazle eta autoerregulatzaile nagusi den aldetik, eta baliabide praktikoak eta askotarikoak txertatzea); hezkuntza sozioemozionala, eta ikaskuntza horiek aplikatzea enplegua bilatzeko orduan (oinarrizko gaitasun emozionalak, hautaketa-prozesu bati modu positiboan aurre egiteko estrategiak, komunikazio asertiboa eta emozioen kudeaketa lanpostuan, sormena lantzea gatazkak konpontzeko baliabide gisa…).

Banakako eta taldeko metodologiak erabiltzen ditugu. Banaka, ibilbide pertsonal bat diseinatzen dugu emakume bakoitzarekin, eta etengabe hitz egiten dugu haien gaitasunen, konpetentzien, interesen, proiektuen eta epe labur eta luzerako helburuen inguruan. Taldean, berriz, sororitatea sustatzen dugu, langabeziatik ateratzeko energiak mobilizatzeko eta gaitzeko prozesuaren alde.

Laguntza-harremanean oinarritutako babesa eta elkartasuna. Lanerako orientazioko eta esku-hartzeko prozesuetan, malgutasunez eta erabiltzaile bakoitzaren beharretara eta denboretara egokituta. Lotura zainduz, lanerako funtsezko tresna den aldetik. Entzute aktiboan, enpatian, ulermenean eta emakumearen eta bere prozesuaren onarpenean oinarritutako laguntza, mobilizaziora eta proiektu eta ekimenak abian jartzera eramango duen euste- eta segurtasun-esparru batetik.

Horrek guztiak aukera ematen digu emakumeei ingurune seguru bat eskaintzeko, lana aurkitzeko prozesuari aurre egiteko presta daitezen, beren egoera soziopertsonalean eta egonkortasun emozionalean arreta jarrita eta egoera horrek prozesuari aurre egiteko moduan nola eragiten dien begiratuta. Izan ere, ezinbestekoa da haien bizi-kalitatea eta osasun fisikoa eta emozionala hobetzea, berreraikitze pertsonala sustatzea eta bizi duten langabezia-egoerari aurre egiteko konponbideetan protagonismoa itzultzea.

Emaktivaren artikulua, Genero eta Osasun Taldearekin lankidetzan.
Informazio gehiago Generoa eta Osasuna atarian (esteka)