Lehendakariak adierazi du Euskadik indargune eta zutabe sendoak dituela «mehatxuak aukera bihurtzeko»

Lehendakariak ziurtatu du Euskadik zutabe sendoak dituela ziurgabetasunari aurre egiteko, eta “gure indarguneak” aprobetxatzearen alde agertu da, mehatxuak aukera bihurtzeko. Iñigo Urkullu Deusto Businnes Alumniren Mendeurrenaren ospakizunari amaiera eman dion ekitaldian izan da. Hizlari gisa Herman Van Rompuy aritu da. Lehendakariak bilera bat egin zuen Europako Kontseiluko presidente zenean, eta, gainera, urte honetan bertan hainbat mailatako gobernantzari eta eskualdeek Europar Batasunaren erabakiak hartzeko orduan duten zereginari buruzko hausnarketa partekatu du berarekin, RLEG ekimenak antolatutako goi-mailako foroan – bere hitzaldian gogorarazi duenez.

Foro horretan, lehendakariak Europako Batzordearen kalkuluen berri eman du. Estimazio horien arabera, EBko herrialde gehienak atzeraldi teknikoan sartuko dira 2023. urtearen lehen erdian, eta horrek ondorioak izango ditu euskal ekonomian. Egoera horren aurrean, Euskadik datorren urteari itxaropenez aurre egiteko aukera emango dioten bost indarguneak azaldu ditu. Hauek dira: Egonkortasun instituzionala; Ikerketa eta Berrikuntza; Trantsizio energetikoaren aldeko apustua; Lan-merkatu sendoa eta ekonomia eta industria suspertzea, eta Gizarte solidarioa eta sozialki orekatua.

 Erronkak

Era berean, etorkizunari begira, Iñigo Urkulluk esan du Orkestra Institutuaren Euskadiko Lehiakortasunari buruzko Txostenak jasotzen dituen bost erronkak partekatzen dituela. Erronka horiek industria-lehiakortasun iraunkorrari, ekintzailetzari eta enpresa-konpromisoari, edo enpresa txikietako berrikuntzari egiten diete erreferentzia, besteak beste. Erronka demografikoa eta gazteen emantzipazioa gehitu dizkie erronka horiei, eta aurten berariazko estrategia bat izango dutela iragarri du.

Beste une batean, lehendakariak gogora ekarri du Euskadi izendatu berri dela Nazio Batuen 2030 Tokiko Idazkaritzaren munduko egoitza, eta, horri esker, munduari zabaldu ahal izango zaiola “Euskadi Basque Country pertsona arduratsu eta solidarioen herrialdea dela”.

Ideia horrek gu konprometitzen gaitu eta unibertsitate hau eta Deusto Alumni ere  konprometitzen ditu gazteen prestakuntza pertsonalean eta profesionalean, ekonomia errealarekiko zubi-lanean eta espiritu global, berritzaile, eraldatzaile eta ekintzaile baten sustapenean, adierazi duenez.

Azkenik, “gure talentua” prestigiatzearen eta atxikitzearen alde egin du, bai eta Euskadi munduko erreferentziazko lurralde bihurtzearen alde ere, kanpoko talentuak ere gure herrira etorri nahi izan dezan hazten jarraitzera.

“Aldaketa, berrikuntza eta arriskua giza jarduera orori dagozkio. Etorkizunari jarrera proaktiboarekin aurre egitea eta gure indarguneak aprobetxatzea da helburua” bukatu du.