Lanbide-gaikuntzak. Egungo egoera eta joera berriak

Gaur egun, begien bistakoa da gizarte garaikideetan izaten ari den etengabeko aldaketa. Mundu-mailako fenomenoek, hala nola globalizazioak edo digitalizazioak, agerian uzten dute mundu nazioartekotu eta interkonektatu bat dagoela, eta mundu horretan premia berriak sortzen direla etengabe.

Garrantzi handiko aldaketa horiek gizarte- eta aldarrikapen-mugimendu berrien agerpenean, kontsumo-ereduen aldaketetan, sistema ekonomikoetan, eredu demografikoetan eta aisialdi-ereduetan islatzen dira, baita prestakuntzaren eta hezkuntzaren eremuan eta lan-merkatuan ere.

Aldaketa sozial eta ekonomiko ukaezin horiek prestakuntza-sistema birpentsatzeko eta modelatzeko beharra eragiten dute, sistema horrek orain arte produkzio-sistema nagusiaren premia zehatzei erantzun dien arren. Gaur egungo gizartearen bilakaerak eta modernizazioak prestakuntza-sistemak eta lanbide-gaikuntzak egokitzeko beharra dakar, sistema ekonomiko gero eta dinamikoago eta konplexuago baten beharrei erantzun ahal izateko.

Mundu aldakor honetan, kultur arloko lanbideek berariazko beharra dute beren gaitasunak berritzeko. Errealitate berri horrek modu desberdinetan eragiten du kultura-sektoreari lotutako balio-katearen maila bakoitzean. Trantsizio berdea eta digitala; lankidetzan aritzeko, komunikatzeko eta publikoekiko harreman modu berriak bilatzeko beharra; eta feminismoari, kultura-aniztasunari eta abarri lotutako gizarte-balioak aldaketa horien hiru adibide aipagarri baino ez dira. Testuinguru horretan, beharrezkoa da gai hori profesional guztien beharren ikuspegitik ez ezik, prestakuntza-eskaintzetatik ere aztertzea.

Gaur egun, nazioarteko erakunde eta instituzioak lanean ari dira behar berri horiek gauzatzeko modua aztertzeko, baita kultura eta sormen-industriekin lotuta ere.

Txosten honen helburua KSIen eremuan eskatzen diren gaikuntza berriak aztertzea da. Horretarako, honako hauek aztertzen dira: prestakuntza- eta gaikuntza- behar berriak sortzea eragin duten aldaketa nagusiak, Europan egiten ari diren jarduerak, euskal testuinguruan eta KSIetan horiek duten inplikazio zehatza, bai eta egungo joerak eta etorkizuneko ekintzak eta gomendioak ere.