Europako Gaietarako zuzendariak Atlantikoko Alderdi Interesdunen Plataformaren Konferentzian parte hartu du Cádizen. Eusko Jaurlaritzaren helburua da Espainiaren 2023ko bigarren seihilekoko Europar Batasunaren Lehendakaritzapean Makroeskualdea sortua izatea.

Europako Gaietarako zuzendari Mikel Antonek, Arku Atlantikoko Batzordeko Presidentetza ordezkatuz, Atlantikoko Alderdi Interesdunen Plataformaren Konferentzian parte hartu du. Konferentzia hori Cádizen egiten ari dira egun hauetan. Zehazki, sektore horretan ETEak sustatzeari buruzko tailerrean parte hartu du. Tailer horretan enpresa horien arteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu du; izan ere, lankidetza horri esker, ekonomia urdineko eskualde arteko lankidetza-proiektu garrantzitsuak bultzatu dira, hala nola AspBan Project, Fanbest Project edo Safer Project.

Bestalde, Makroeskualde Atlantikoa eratzeko proiektuaren garrantzia azpimarratu du; Arku Atlantikoko Batzordearen euskal presidentetzak bultzatutakoa da proiektu hori. Helburua da makroeskualdea sortzea Espainiak Europar Batasunaren presidentetza duenean 2023ko bigarren seihilekoan. Makroeskualdeko estrategia horri esker, Atlantikoko fatxadako lurraldeak hobeto nabarmenduko dira, eta haren proiektuak hobeto lerrokatuko dira Europar Batasunaren finantziabidearekin.

Cádizko bilkura aukera ederra da Atlantikoko Itsas Estrategiaren 2.0 Ekintza Plana berrikusteko, plan hori abian jarri eta bi urtera, eta Atlantikoko komunitateari beste parte-hartzaile, proiektu eta lankidetza-modu berritzaile batzuk aurkezteko.

Konferentzia InnovAzul-en ondoren egingo da. Europako ekonomia urdineko eragile garrantzitsuak inplikatzea eta sektore tradizional eta berrien erronkak eta aukerak zehazten laguntzea du helburu InnovaAzul-ek.

Konferentziaren panel orokorraz gain, non ekonomia urdineko Europako adituek parte hartzen duten, programak sektorearentzat interesgarriak diren tailer interaktibo paraleloak biltzen ditu, besteak beste, Espezializazio Adimenduneko Estrategiei, ekonomia urdineko ETEak bultzatzeari eta gure ozeanoak babesteari buruzkoak.