Bingen Zupiriak Durangoko Azokaren 57. edizioaren inaugurazio ekitaldian parte hartu du

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak Durangoko Azokaren 57. edizioaren inagurazio ekitaldian parte hartu du gaur. San Agustin Kultur Gunean egin den ekitaldian Zupiria sailburuak nabarmendu du euskarazko kultura-sorkuntza, eskaintza eta kontsumoa ezinbesteko tresna direla, hizkuntza komunitate batek bere izatea mantentzeko eta elikatzeko ezinbesteko “tresna”. “Munduko beste milaka hizkuntzek ez dute; guk bai, baditugu. Honek, ziurrenik, herri baten nortasunarekin badu zerikusia”, adierazi du.

Horrela, literatura eta musika herri batek bere pentsamenduak eta sentimenduak adierazteko, forma emateko eta partekatzeko moduak direla esan du Zupiria sailburuak , “eta euskal komunitateak bere hizkuntza propioan egin nahi izatea ez da kasuala, gure izaerari eusteko eta gure euskalduntasuna erosoago bizitzeko nahitaezko elementuak dira”, gehitu du.

Amaitzeko, Kultura eta Hizkuntza Politiketa sailburuak gogorarazi du euskal erakundeak eta haien laguntza nahitaezko bidelagun izan dituela Durangoko azokak, “baina Azoka honen sorreran zer esana eta zerikusia izan zuten haien kemenik, bultzadarik eta kuraiarik gabe ez zen posible izango”.

Durangoko Azoka gaur hasi da eta igandera bitartean «eztanDA!» lemapean egingo da. Aurten 930 kultur nobedade egongo dira eskuragarri Landako guneko 248 erakusmahaitan: 689 liburu, 141 musika-produktu, 46 aldizkari eta 54 bestelakoak (ikus-entzunezkoak, papergintza eta abar). Nobedade horiek guztiak Azokako online dendan ere eskuragarri egongo dira, abenduaren 7tik 10era bitartean.

Durangoko Azokak 250 kultur ekitaldi baino gehiago ere antolatu ditu Azokako gune guztietan, ohiko aforoak berreskuratuta.

Informazio gehiago hemen.