Migrazioaren eta Asiloaren EAE-ko foroak «botoa ematea zure eskubidea da» abiarazi du, EAE-n botoa emateko eskubidea duten migratzaileentzako informazio-kanpaina

07/12/2022 Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asiloko zuzendaria kanpaina aurkezten..

Migrazioaren eta Asiloaren Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Foroak ‘Botoa ematea zure eskubidea da’ jarri du martxan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bozkatzeko eskubidea duten migratzaileentzako informazio kanpaina, hain zuzen ere. 2023ko maiatzean egingo diren udal eta foru hauteskundeetan boto emateko eskubidea baliatzeko aurretiko lege urratsak gogoraraziko ditu ekimenak.

PAÍS VASCO ESPAÑA EUROPA ÁLAVA SOCIEDAD
IREKIA

Migrazioaren eta Asiloaren EAEko Foroan Eusko Jaurlaritza izan da buru, beste erakunde batzuekin, EUDELekin eta migratzaileen zenbait elkarterekin batera, besteak beste, eta, gaur goizean, Botoa ematea zure eskubidea da kanpaina aurkeztu du. Hura EAEn bizi diren eta datorren maiatzaren 28an hautetsontzietan botoa emateko eskakizunak betetzen dituzten atzerritarrei zuzentzen zaie. Kanpainak 57.412 pertsona ingururengan du eragina, bai Europar Batasuneko herrialdeetatik datozenetan bai aldebiko sufragio-ituna duten herrialdeetatik datozenetan –hala nola Bolivia, Cabo Verde, Kolonbia, Korea, Ekuador, Txile, Peru, Islandia, Norvegia, Zeelanda Berria, Paraguai, Erresuma Batua edo Trinidad Tobago–.

“Botoa emateko eskubideak ez dakar, nahitaez, sufragioa. Atzerritarrek eskubide hori baliatzeko izaten dituzten oztopo burokratiko handiak eta informaziorik eza direla eta, askok ez dute eskubide hori baliatzen”, nabarmendu du Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asiloko zuzendariak, kanpaina aurkezteko ekitaldian.

Legarretak esan du Migrazioaren eta Asiloaren EAEko Foroak uste izan zuela nahitaez areagotu behar zela informazioa, EAEko udalerri guztietara irits zedin. “Kanpaina prestatzeko eta zabaltzeko, ezinbestekoa izan da EUDEL – Euskadiko Udalen Elkartearekin elkarlanean eta lankidetzan jardutea”, esan du.

Ekitaldian, era berean, Ernesto Saenz Lanchares Aguraingo alkateak eta EUDELek Foroan duen ordezkariak parte hartu du, eta honako hau nabarmendu du: “EAEko udalok kalean bertan egiten dugu lan, eta geuk ezagutzen ditugu ondoen gure herritarrak, eta funtsezko eginkizuna dugu herritartasun osoa eta berdintasunean eta aniztasunean oinarritzen dena gara dezaten; horretarako, eskura ditugun tresnak eskaini behar dizkiegu».

Hori horrela, honako hau ere nabarmendu du: “ekimen hau bozgorailua ere bada EAEn bizi diren atzerritarren parte-hartze politikoaren garrantzia ikusgai jartzeko; botoa da ongizatean eta bizi-kalitatean eragin zuzena duten erabakietan eragina izateko tresna demokratiko ahaltsuena.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Migrazio eta Asiloko zuzendariak gogorarazi duenez, “botoa emateko eskubidea duten pertsonek hura baliatzea erabakiko balute, aurretik haien nahia adierazi beharko lukete; izan ere, hautesle-erroldan izena ematea ez da automatikoa, eta, gainera, erroldatuta egon beharko dute eta, kasu askotan, bizi duela bost urte baino gehiago gure herrialdean”.

Botoa ematea zure eskubidea da gida bost hizkuntzatara dago itzulita (euskara, espainiera, ingelesa, frantsesa eta errumaniera), eta Europar Batasuneko herritarra izan ala sufragio-arloan itundutako herrialde batekoa izan bete beharreko eskakizunak azaltzen dira hartan.

Zehazki, aurretik botoa eman izan duten europarrek ez dute ezer egin beharko; izan ere, badaude, dagoeneko, hautesle-erroldan izena emanda.

Hala ere, eskubidea lehen aldiz balia nahi dutenek 2023ko urtarrilaren 30a baino lehen eman beharko dute izena. Horretarako, erroldatze-egiaztagiria beharko dute eta berariaz adierazi beharko dute botoa emateko eskubidea baliatu nahi dutela. Hura https://sede.ine.gob.es orriaren bidez egin daiteke, bai eta egoitzari dagokion udalean –orrialde horretan eskuragarri dagoen adierazpen formaleko inprimakia bete beharko dute– edo posta arruntez ere.

Erkidegoz kanpoko herritarrentzat, hala ere, hautesle-erroldan izena emateko epea abenduaren 1etik 2023ko urtarrilaren 15era bitartean izango da. Honako hauek dira ezinbesteko eskakizunak: ohiko egoitzari dagokion udalean erroldatuta dagoela egiaztatzen duen agiria izatea; Espainiako Estatuan egoitza-baimena izatea, eta legez 5 urtez bizitzen eramatea (3 urte, Norvegiaren eta Erresuma Batuaren kasuan). Ondoren, botoa emateko eskubidea baliatzeko nahia adierazten duen dokumentua beharko da.

Botoa emateko eskubidea duten biztanleak

Migrazioaren eta Asiloaren EAEko Foroak, maiatzean, Atzerriko nazionalitatea eta jatorria duten hautesleei buruzko estatistika-datuak azterlana egin zuen, 2021eko datuekin. Txostenak dakarrenaren arabera, 57.412 pertsona dira; haietatik, 29.060 pertsona EBko zenbait herrialde kidetakoak dira, eta 28.352, Espainiako Estatuarekin botoa emateko eskubidea aitortzeko akordioak dituzten herrialdeetakoak.

Hala ere, erkidegoz kanpoko pertsonen erroldatzeari dagokionez ere lege-egoitzako bost urteko eskakizuna betetzen duten zehaztea oso zaila dela azpimarratzen du. “Nabarmendu behar da EBkoak ez diren pertsonen egoitza-urteen kopurua estatistika-kontroletik kanpo» dagoela, «kontuan hartuta hura dela botoa emateko gaitasuna ematen diena», dakar dokumentuak.

EAEn bizi diren eta Espainiako nazionalitatea duten pertsonak honako udalerri hauetan banatzen dira, nagusiki: Bilbo (14.837), Vitoria-Gasteiz (12.010), Donostia / San Sebastián (7.732), Barakaldo (3.385), Getxo (3.173), Irun (2.919) eta Leioa (1.263).

Bestalde, EBtik datozen pertsonak, honako udalerri hauetan finkatu dira: Bilbo (3.818), Donostia / San Sebastián (2.802) eta Vitoria-Gasteiz (1.771). Eta erkidegoz kanpoko herrialdeetakoak, honako hauetan: Bilbo (7.446), Vitoria-Gasteiz (4.653), Barakaldo (2.065), Donostia / San Sebastián (1.909), Getxo (1.451) eta Irun (709).

Jatorrizko lekuari dagokionez, Errumaniako 14.479 pertsona, Portugalgo 5.421 eta Kolonbiako 11.899 erregistratu dira.

Migrazioaren eta Asiloaren EAEko Foroa

Migrazioaren eta Asiloaren EAEko Foroa gizarte-eragileen, hirugarren sektoreko entitateen, sindikatuen, enpresaburuen, erakundeen eta administrazio publikoen arteko hausnarketa- eta koordinazio-espazio bat da. Helburua da atzerriko jatorria duten herritarren eta errefuxiatuen integraziorako bide ematen duten ekintzetan eraginkortasuna hobetzea.

Honako ikuspegi hauetatik lan egiten duten hamar bat batzordek eratzen dute: gizarte-baliabideak eta etxebizitza; lana; berme juridikoak eta giza eskubideak; hezkuntza; osasuna; harrera eta elkarbizitza; berdintasuna; asiloa; euskara eta hizkuntza-aniztasuna, eta parte-hartzea, kultura eta sentsibilizazioa. Azken hori da, zehazki, Botoa ematea zure eskubidea da kanpaina abiarazteko batzorde arduraduna.