Bi urteko absentziaren ondoren, hemen da Santo Tomas

Bi urteko hutsunearen ondoren, San Tomaseko feriak ekitaldiz jositako programazio zabala eskainiko du abenduaren 21ean. Besteak beste, Emakumezko Aizkolarien V. Kopa, bertso saioa, ohiko lehiaketak, edo haurrei zuzendutako tailerrak.
Goizeko 10:00etatik gaueko 21:00ak arte, dozenaka ekitaldi eta lehiaketa izango dira gozagarri hiriko hainbat txokotan. Hala nola: Donostialdeko ezti lehiaketa, barazki eta fruitu lehiaketa, txistorra edo txorimalo lehiaketa, Zuloaga plazan egingo diren haurrentzako jolasak edo Boulevardeko kioskoan ospatuko den erromeria.
Ez da faltako festako protagonista nagusia, Roxaito txerria. Konstituzio Plazan egongo dena ikusgai, goizeko 10:00etatik iluntzeko 20:00ak arte. Bere inguruan 54 postuk askotariko produktu tradizionalak eskainiko dizkiete bisitariei. Ez dira faltako, noski, ohiko talo eta txistorrak.
Konstituzio Plaza feriaren gune nagusia izango den arren, festa hiri osoan zehar zabalduko da. Guztira, 166 postu egongo dira, Donostiako elkarte ezberdinek egiten duten lanari esker. Hala, feria auzo hauetara ere iritsiko da: Ibaeta, Intxaurrondo, Morlans, Amara Berri, Amara Zaharra, Antigua, Gros edo Loiola.

Lore eta landareak

Elkano kalea lorez eta landarez apainduta azalduko da okasiorako. Hala, eta feriaren gabon proposamena zabaltzeko helburuarekin, garai honetako landare, lore eta apaingarriak gozatu eta erosi ahal izango dira, Endanea eta Urtinea enpresa gipuzkoarren eskutik.
Lore lehor artisauen atalean aurten ere eguzkiloreak izango dira.

Festa jasangarria

Donostiako Udalak lanean jarraitzen du jaiak garbiagoak eta jasangarriagoak izan daitezen. Horretarako, 45.000 edalontzi berrerabilgarri eta txistorra eta talo postuetarako olioa biltzeko bidoiak jarriko dira, edukiontzien zerbitzua indartzeaz gain.
Gainera, ingurumena zaindu eta hondakin gutxiago sortzeko beharrari festa giroa emateko trikitixa ibiltari bat antolatu da Erdialdeko eta Alde Zaharreko kaleetan beira biltzeko.