Egia jakiteko eta bakean bizitzeko eskubidea edo ikerketak eLankidetzak babestuko dituen ekimen solidarioen artean

Gaur, Giza Elkartasunaren Nazioarteko Egunean, Gobernu Kontseiluak zuzeneko lau dirulaguntza onartu ditu Guatemala, Honduras, El Salvador eta Kolonbiako erakunde eta biztanleekin lan egiten duten erakundeentzat. Guztira, 770.000 euro jasoko dituzte. eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailean dagoena, lagundu nahi du Hegoaldeko herrialdeetan justizia soziala sustatzen, egia argitzen, giza eskubideak babesten edo gizarte mugimenduen partehartzea areagotzen, besteak beste.

eLankidetzak dirulaguntza horiek ematen ditu bere apustu estrategikoak sendotzeko; adibidez, giza eskubideak babestea edo gizarte erakundeen indartzea.

Giza eskubideak, bakea eta demokrazia 

Emango diren dirulaguntzetako bi Erdialdeko Amerikan justizia, egia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak lantzen dituzten erakundeak indartzeko erabiliko dira. Horrela, Swisspeace Bakerako Suitzar Fundazioak 200.000 euro jasoko ditu Guatemala, Honduras eta El Salvadorreko giza eskubideen erakundeei laguntzeko artxiboen arloan egiten duten lanean. Eginkizun horren balioa ezinbestekoa da giza eskubideen urraketen biktimek justizia izan dezaten. Zentzu horretan, eLankidetzak 200.000 euro gehiago emango dizkio Guatemalako Auzitegiko Antropologiako Fundazioari (FAFG). Erakunde horrek diziplina anitzeko ikerketak egiten ditu Erdialdeko Amerikako barne gatazka armatuaren biktimak identifikatzeko.

Bestalde, Kolonbiako Bake Akordioa sinatu eta ia sei urtera, gehien sufritu zuten tokietako biztanleek gerra dinamiketan jarraitzen dute, talde armatuen, legez kanpoko ekonomien, erauzketa-industria eta kontrol sozialaren ondorioz. Azken hilabeteotan, Vivamos Humanos Korporazioak Koordinakunde Humanitarioa bultzatu du gutxieneko baldintza humanitarioak eta bakea lortzeko. Korporazio horrek 150.000 euro jasoko ditu egonkortzeko eta indarkeria gehien bizi duten lurraldeetako 14 emakume eta gizon liderrek parte hartuko duten goi-bilera bat antolatzeko.

Azkenik, eLankidetzak 220.000 euro bideratuko ditu Demokraziarako Ikasketa Zentrora (CESPADera). Hondurasko testuinguru berriak aukera ematen du  eragin politikorako guneetan parte-hartze handiagoa izateko, eta, horregatik, zentroak ikerketak eta azterlanak egingo ditu, Hondurasko erakundeek eta gizarte mugimenduek nekazaritza eta ingurumen gaietan informazioa izan dezaten politikan eragin handiago izateko. Ikerketa horiek, adibidez, estraktibismoa edo genero ikuspegia jorratuko dituzte.

Nazioarteko elkartasuna

eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak Eusko Jaurlaritzako nazioarteko elkartasuna bideratzen du, eta Euskadiko zein nazioarteko eragileekin batera, giza garapen jasangarria eta pobreziaren eta desberdintasunen aurkako borroka sustatzen ditu. Besteak beste, bere lana da laguntzea gizartea eraldatzen, krisi humanitarioei erantzuten, pobretutako herrialdeetako eragileak indartzen, euskal gizartea sentsibilizatzen edo Hegoaldeko eta Euskadiko aktoreen artean ezagutza trukerako ekimenak bultzatzen.