Urte berriaren etorrera aurreratuko du Barakaldok, MEE Barakaldok hilaren 30ean joko dituen «Kanpai magikoekin»

Datorren abenduaren 30ean, ostegunarekin, hasiko da, beraz, Barakaldon urte berria. Beste urte batez, lantegi-herriak egun batez aurreratuko du 2023ari ongietorria emateko eguna, Barakaldoko  Hiri Merkataritza eta Enpresa Elkartearen eskutik. Gominolak izango dira mahats-aleen ordez Kanpai Magikoetan, 1.000 poltsa baino gehiago banatu baitituzte saltokiek, Udalarekin batera familia-jai dibertigarri horretan kaleko merkataritza jarduera bultzatzeko.

Gaur hasi dira jartzen Gabonaldia programako Karpa magikoa Herriko Plazan, eta hori izango da merkatari barakaldarrek berriz ere proposatu duten urte amaiera aurreraturako agertokia. Hori dela eta, duela egun batzuk MEE Barakaldora atxikitako saltokiak tiket bereziak banatzen hasi dira erosketa bakoitzean. Tiketen truke, 12 kanpaien ospakizunerako gominola-poltsa jaso ahal izango da. Arratseko 17:00etan hasiko da Herriko Plazako karpan gominola-poltsa banaketa.

18:00etan, berriz, antzerkia, Huescako Civic Civiac konpainiaren Torpeza obliga antzezlanarekin. Ondoren, kanpaien aurkezpena egingo da, 19:00etan, eta MEEk horretarako banatutako 12 gominolak jango dira.  Paco DJ eta Naiarak jarriko dute musika 20:30ak arte, txiki eta handiak anima daitezen.

«Poztekoa da Barakaldon horren elkarte biziak izatea, hiria bera, merkataritza eta ostalaritza suspertzen baitute Kanpai magikoen gisako ekintzekin.  Zalantzarik gabe, eskertzeko da, horrelako ekitaldiek egiten baitute gure hiria den bezalakoa», adierazi du Barakaldoko alkate Amaia del Campok.   «Kanpai-hots horiekin ospatu nahi dugu urteberri hasiera gure lagunekin,  gure saltoki eta ostalaritza-lokaletara egunero hurbiltzen den jendearekin», azpimarratu du MEE Barakaldoko buru Ana Morgadok, bide batez, herritar guztiak gonbidatuz abenduaren 30eko urtezahar aurreratu honetako arratsaldea pasatzera.