Lanbidek 22,7 milioi euroko enplegua babesteko programen deialdiak aurreratu egin ditu, 2023an eskuragarri egoteko

Gaur, Lanbideren Administrazio Kontseiluak 2023an enplegua sustatzeko sei programaren deialdia onartu du. Sei programa horietako bi berritzaileak dira (22,7 milioi eurokoak). Ekimen horiek Erkidegoaren Aurrekontuetan jasota daude (datorren astean berretsiko direnak). Beraz, onarpena aurreratzeak posible egingo du aurrekontu-ekitaldiaren hasiera-hasieratik eskuragarri egotea.

Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburua buru dela, Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Kontseiluak argi berdea eman dio Lehen Aukerari 7 milioi euro bideratzeko, zertarako eta euskal enpresetan gazte langabeak kontratatzeko. Profil xedea hauxe da: langabezian dauden gazteak eta beren titulazioarekin lotutako enpleguetan lan-esperientziarik ez edo esperientzia gutxi dutenak. Espero da diru-kopuru horrekin 460 praktikaldiko kontratu eta 340 kontratu mugagabe finantzatu ahal izatea. 2022an programa hori 4 milioiz hornitu zen, baina joan den azaroan, enpresen erantzun ona ikusita, partida handitzea erabaki zen, 8 milioira iritsi arte.

Halaber, 2023tik 2025era bitarteko enplegu-zentroen jarduera garatzeko laguntza ere aurreratu egin da. Bi urtean behingo deialdia da, 4,3 milioi euroko zuzkidura izango du eta urtean 15.000 pertsona artatzea aurreikusten du. Esparru honetan hauxe hartzen da enplegu-zentrotzat: espazio fisiko egonkorra da; bertan, erakunde laguntzaileak enplegu bila ari diren pertsonen eskura gizarteratzeko ekintzak garatzeko tresnak baditu; eta orientatzaile batek etengabeko laguntza eskaintzen du. Orotara, 44 enplegu-zentrok jaso ahalko dute dirulaguntza. 2021-2022 aldian 1,9 milioi euro bideratu ziren.

Era berean, 2023rako txanda-kontraturako laguntzen deialdia ere aurreratu da. Bi hartzaile multzo daude. Alde batetik, 30 urtetik beherako edo 45 urtetik gorako langileak edo langabeak dira, lanaldi osoko txanda-kontratu baten bidez kontratatzen direnak. Kontratu horrek mugagabea izan beharko du hasieratik, edo, beranduenez, ordeztutako pertsonak erretiro osoa hartzen duen unetik aurrera. Beste multzoa, berriz, 30 urtetik beherako edo 45 urtetik gorako langabeak dira; baldin eta, txanda-kontraturen baten ondorioz, kontratu gehigarria sinatzen badute. Kontratatutako pertsona bakoitzeko 8.400 euroko laguntza jasoko dute, eta kopuru hori % 10 handituko da ordezkatzailea emakumea bada. Programa honek 1,2 milioi euro ditu (aurten baino 200.000 euro gehiago). Eta espero da 134 laguntza-eskaerari erantzun ahal izatea.

Aparte, Administrazio Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoan sektore estrategikoetan, pertsonen zaintzan eta despopulazio-arriskuan dauden eremuetan lanbide-kualifikazioei lotutako prestakuntza- eta birkualifikazio-ekintzak garatzeko dirulaguntzen bigarren deialdia onartu du. Laguntza horiek Europar Batasuneko Next Generation funtsek finantziaten dituzte (Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan); eta ia 4 milioi euroko zuzkidura izango dute.

Aipatu laguntzak honakoek jaso ahalko dituzte: batetik, EAEn lantokiak dituzten enpresek, enpresa-elkarteek, partzuergoek eta sektore-erakundeek (baldin eta beraien langileentzako prestakuntza-planak aurkezten badituzte); bestetik, irabazi-asmorik gabeko erakundeek (baldin eta prestakuntza-planak aurkezten badituzte bai enplegu-bila ari diren biztanleria aktiboarentzak; bai eta kalteberatasun bereziko kolektiboentzak.

Prestakuntza-erakunde pribatuek edo publikoek ere parte hartu ahal izango dute. Prestakuntza hori sektore eta esparru estrategikoetara, digitalizazio aplikatura, gaitasunetara eta enplegu berdeetara bideratu beharko da, bai eta Ekonomia Berreskuratu eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoetara ere, horietan prestakuntza zeharkako ekintza gisa kokatzen baita.

Bi programa berritzaile

Era berean, gaurko bileran enplegua babesteko bi ekimen berritzaile berretsi dira. Alde batetik, dirulaguntzen deialdi bat jarri da abian, langabeen gaitasun digitalak hobetzeko prestakuntza-programak egiteko (ekintzailetza eta landa-garapena bultzatzeko eta genero-arrakala murrizteko). Programa hau Europar Batasuneko Next Generation funtsek finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan kokatzen da. Deialdi honek 4,2 milioi euro ditu. Hartzaileak, lehentasunez, 30.000 biztanletik beherako udalerrietan bizi diren emakume langabeak dira. Prestakuntza-ekintzaren % 65 izan beharko dute, gutxienez.

Azken laguntza deialdiak finantziatuko du, 2023-2024 aldian, langabeek teleprestakuntza-modalitatean jasotako formakuntza. Orotara, 2 milioi euroko laguntza da. Eta parte-hartzaileek profesionaltasun-ziurtagiriak lortu ahalko dituzte.