Gobernu Kontseiluak 2023-2026 Euskal Estatistika Planaren Lege-proiektua onartu du guztizko 255 estatistika-eragiketarekin eta 86 milioi euroko kostuarekin laurtekoan

Gobernu Kontseiluak Eustat-Euskal Estatistika Erakundeak bidalitako 2023-2026 Euskal Estatistika Planaren Lege Proiektua onartu du. Proiektuak euskal estatistika-erakundeak burutu beharreko 255 estatistika-eragiketa egitea planteatzen du, eta 86 milioi euroko kostua izango du laurtekoan. Planaren Legea Euskal Autonomia Erkidegoko estatistika-jarduera lau urteetan antolatzeko tresna bat da, eta Eusko Legebiltzarrera bidaliko da, onar dezan.

Euskal Estatistika Planak indarraldian zehar egin beharreko estatistikak eta izaera horretako beste jarduera batzuk jasotzen ditu. Laurtekoan 255 estatistika-eragiketa egingo dira, aurreko planean (2019-2022) baino 26 estatistika-eragiketa gehiago, hau da, 34 alta eta 8 bajako saldoa.

2023-2026 Planaren kostu osoa 86,6 milioi eurokoa da, eta Eustat da guztizko horren % 71,6an parte, eta, ondoren, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila (% 7,2), Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila (% 4,7) eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila (% 4,1).

2023-2026 Plan honetan jasotako 255 estatistika-eragiketetatik Eustatek 131 eragiketa hartzen ditu, eta sailek ondoko hauek:

    • Ekonomiaren Garapena, Iraunkortasuna eta Ingurumena: 32 eragiketa
    • Kultura eta Hizkuntza Politika: 15 eragiketa
    • Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak: 14 eragiketa
    • Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak: 14 eragiketa
    • Osasuna: 11 eragiketa
    • Gobernantza Publikoa eta Autogobernua: 10 eragiketa
    • Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa: 10 eragiketa
    • Lana eta Enplegua: 9 eragiketa
    • Ekonomia eta Ogasuna: 4 eragiketa
    • Segurtasuna: 4 eragiketa

Hiru foru-aldundiak eta Lehendakaritza ere parte-hartzaile gisa agertzen dira.

Gaikako arloen arabera, kostu handiena duena Demografia eta gizarte-ohiturak da (Planaren guztizkoaren % 13,4), ondoren Ekonomia-kontuak (% 12,3) eta Azpiegitura estatistikoa (% 12,1).

Plana lantzeko 70 estatistika-eragiketako informazio administratiboa erabiltzen da datu-iturri gisa, eta 50 eragiketa gehiagotan informazio osagarria edo mistoa. Gainera, bederatzi estatistika-eragiketak dagoeneko iturri digitalak dituzte estatistika horiek ekoizteko.

Bestetik, Estatistikaren Legea jarduera estatistikoaren premia berrietara eta informazio-iturri berrietara egokitzea jasotzen du Planaren Legeak.

2023-2026 Euskal Estatistika Plana Euskal Estatistika Erakundeko kide guztien eta horretarako sortutako lantaldeetan parte hartu duten gizarte-eragileen hausnarketaren emaitza izan da.