Erkoreka indarkeria matxistari buruz: «Printzipio orokor gisa, arreta erasotzaileengan jartzearekin bat egiten dugu, baina, hala ere, zehaztu egin behar da nola eta lege-estaldura eman»

Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua komunikabideen aurrean agertu da gaur goizean, Arkauten, Euskal Poliziako agenteen hurrengo promozioa hautatzeko eta prestatzeko ikastaro berriaren inaugurazioaren ostean. Bertan, besteak beste, Marlaska ministroak Estatuko Segurtasun Indarren genero-indarkeriaren aurkako borrokaren arduradunekin deitutako bilera eta De Miguel auziari buruz Auzitegi Gorenak emandako epaia izan ditu hizpide.

Marlaska ministroak Estatuko Segurtasun Indarren genero-indarkeriaren aurkako borrokaren arduradunekin deitutako bilerari dagokionez, Segurtasuneko sailburuak esan du Madrilgo bilera indarkeria matxistaren arloko prozedurak, tresnak eta jarduteko moduak bateratzeko balio duela. Erkorekaren iritziz polizien arteko koordinazioa garrantzitsua baita. Landutako gaiei dagokienez, Lehendakariordeak azpimarratu du, printzipio orokor gisa, arreta erasotzaileengan jartzearekin bat egiten dutela, “baina, hala ere, zehaztu egin behar da nola eta lege-estaldura eman”.

De Miguel auziari buruz Auzitegi Gorenak emandako epaiari buruz galdetu diotenean, Lehendakariordeak nabarmendu du Jaurlaritzaren jokabidea garbia izan dela, bai Ertzaintzaren aldetik, bai justiziarekin lotutakoari dagokionez. Kasuan pertsonatzeko eta sortutako kalte ekonomikoaren azken zentimoraino itzultzeko eskaeran erakutsitako jarrera irmoa izan dela azpimarratu du.

Epai irmo horren berri izan ostean, Erkorekak esan du pertsona horiek kaleratu eta funtzio publikotik aldenduko dituztela. «Arau penalak betetzeko daude, eta delituak pertsegitzeko, pertsonaren afiliazioa edo ideologia edozein dela ere», adierazi du.

«Uste dut Jaurlaritza eta EAJ argiak izan direla erabakietan eta ekintzetan», gaineratu du.