Arantxa Tapia: «Negoziatzeko borondatea badago, Trantsizio Energetikoaren eta Klima-aldaketaren Legeari buruz akordioa lor daiteke»

Arantxa Tapia sailburua elkarrizketatu dute gaur goizean Euskadi Irratian. Hauek izan dira bere adierazpen nabarmenenak:

“Oraindik ez da hasi Trantsizio Energetikoaren eta Klima-aldaketaren Legearen proposamenari buruzko negoziazioa. Elkarrizketak besterik ez dira izan. Proposamenetan sakondu behar da. Nire ustez, borondatea badago, akordiorako tartea egongo da”.

“Izan ditugun tenperatura beroek eta egindako politikek, biek eragina izan dute energiaren prezioan. Tenperaturak ez dira ohikoak izan Europa osoan, eta gure enpresek gutxiago eskatu dute. Aldi berean, politikak jarri ziren martxan eta horrek lagundu du. Oraindik eskaera igo daiteke eta horrek prezioa igotzea dakar. Prezioak finkatzeko orduan beste politika batzuk ezarri behar direla esan dugu, eta Estatuak baiezkoa eman dio horri, Europak ez zuen ikusten, baina prezio finkatzeko modu diferente horrek iraunkorra beharko luke izan. Eta berriztagarriak jartzeko baimenak azkartu behar dira”.

“Gustatuko litzaiguke Planak identifikatzen dituen puntu horietan errotak ikustea. tokiz-toki aztertu behar den proposamena da, baina berme guztiak ondo beteta, instalazio horiek ipini behar dira orain dugun menpekotasuna jaitsi nahi bada”.

“Europako funtsak ez dira iristen ari. Zailtasunak daude. Gai publikoak martxan jartzen ari dira, baina ETEentzako laguntza iristea falta da. Kudeatzeko zailtasunak daude. Ehun produktiboko enpresa txiki eta ertainentzat diru kopuru horiek ez dira iristen. Inbertsio batzuk atzeratu egin dira horren ondorioz. Gure aldetik, otsailean aurkeztuko dugu ETErentzako dirulaguntzen plana”.