Unibertsitate Orientaziorako Azoka

EHUazoka, Euskal Herriko Unibertsitateko Unibertsitate Orientaziorako Azoka, aukera paregabea da etorkizuneko ikasleek Euskal Herriko Unibertsitateak 2023-2024 ikasturtean eskainiko dituen graduko ikasketak eta unibertsitatean sartzeko prozedura gertutik ezagutzeko.

EHUazoka urtarrilaren 28an egingo da Gipuzkoako Campusean, otsailaren 4an, Arabako Campusean, eta otsailaren 11an, Bizkaiko Campusean. Standetarako sarrera librea da baina informazio-saioetan parte hartzeko nahitaezkoa da aldez aurretik izena ematea. Azoka bakoitzaren informazio-saioetarako izen-ematea azoka bakoitzaren aurreko astelehenean irekiko da, eta irekita egongo da saio bakoitzeko plazak agortu arte (Gipuzkoan izena ematea urtarrilaren 23tik aurrera, Araban urtarrilaren 30etik aurrera eta Bizkaian otsailaren 6tik aurrera).

Izen-ematea web orri honetan  egingo da (esteka urtarrilaren 23an, astelehena, aktibatuko da Gipuzkoako Campuserako).

EHUazokaren hiru jardunaldietan fakultate eta eskoletako irakasleek informazio saioak emango dituzte taldeentzat eta banan banako arreta ere eskainiko da. Horrela, unibertsitate aurreko ikasleek gure unibertsitatea eta graduko ikasketen eskaintza hobeto ezagutu ahal izango dute, eta etorkizunean unibertsitatean egin ahalko dituzten ikasketei buruz dituzten zalantza guztiak argitzeko aukera izango dute.

EHUAZOKA 2023 Unibertsitate Orientaziorako Azoken bideoaren transkripzioa

Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreorde Fernando Tapiak azpimarratu duenez “Euskal Herriko Unibertsitatean ziur gaude behar-beharrezkoa dela orientazio egokia eskaintzea, unibertsitate-aurreko ikasleek ikasteko zer aukera dituzten jakin ahal izateko eta, horrela, beren gaitasun, trebetasun eta interesetara ondoen egokitzen den titulazioa aukeratu ahal izateko. EHUazoka, Euskal Herriko Unibertsitatearen Orientazio Azoka, da gure orientazio-jarduera nagusia. Bertan, unibertsitate aurreko ikasleek eta haien familiek behar duten informazio guztia lortzeko aukera dute, eta, gainera, arreta pertsonalizatua, funtsezkoa baita unibertsitate-ikasketak aukeratzeko prozesuan.”

Datorren ikasturteko graduak

2023-2024 ikasturtean, Euskal Herriko Unibertsitateko gradu-ikasketen eskaintza zabalari bi titulu berri gehituko zaizkio: Biomedical Engineering, oso-osorik ingelesez emango dena Bilboko Ingeniaritza Eskolan, eta Hezkuntzaren arloko lehen gradu bikoitza: Lehen Hezkuntza + Haur Hezkuntza, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean egingo dena, Gipuzkoako Campusean. Guztira, 107 titulazio eskainiko dira guztira-horietako bi ingelesez, hamabost gradu bikoitz eta hamaika ikasketa dual-jakintza arlo guztietakoak, aspalditik irakasten direnak nahiz berritzaileenak, trebatzeko aukera emango dutenak. 2022-2023 ikasturtean 8.300 ikasle matrikulatu ziren lehen kurtsoan. Horietatik %76,1ek lehen hautuan lortu zuen plaza eta %13,6k bigarrenean.

2023-2024 ikasturteko gradu eskaintza: https://www.ehu.eus/eu/web/estudiosdegrado-gradukoikasketak/aurtengo-graduak