Nafarroako Gobernuak milioi euro bat baino gehiago inbertituko ditu 2023an zehar publizitateko hamalau kanpaina instituzionaletan

Nafarroako Gobernuak gaur goizean onartutako Akordioaren bidez, Nafarroako Gobernuaren 2023ko Publizitate Plan Instituzionala onartu da; hau da, Foru Exekutiboak datorren ekitaldirako aurreikusi dituen publizitate-kanpaina nagusiak (50.000 euroko edo hortik gorako inbertsioa dutenak) laburbiltzen dituen dokumentua.

2023rako,  guztira 14 kanpaina planifikatu dira, 1.081.000 euroko finantzaketa globalarekin. Horietatik 565.000 euro Komunikazio eta Harreman Instituzionalen Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Gobernu osorako zeharka kudeatzen duen publizitate instituzionaleko aurrekontu-partidatik jarriko dira, eta gainerakoa, 516.000 euro, publizitate-kanpaina sektorialak sustatzen dituzten departamentuek jarriko dute.

2022rako onartutako plangintzarekin alderatuta (1.008.000 eurokoa), Nafarroako Gobernuak inbertsioa %7,3 handitu du.

Nafarroako Gobernuaren publizitate-kanpaina gehienetan, legegintzaldi honetan burututako hedapen- eta sustapen-jarduerekin jarraitzen da: Eskola Publikoaren sustapena, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren defentsa, LGTBI+ taldearen errekonozimendua, euskararen erabileraren eta ezagutzaren sustapena edo Gobernuak berak antolatutako kultura-programetara joatea bultzatzea.

Era berean, plangintzak bigarren ekintza-sorta bat proposatu du berriro ere, ekonomia suspertzeari eta Europako funtsetatik horretarako datozen laguntzak hedatzeari begira. Modu horretan, Nafarroako Gobernuak sektorekako informazioa emango du energia-eraginkortasunerako laguntzen inguruan, horien mugikortasunerako nahiz etxebizitza, eraikinak eta negozioak hobetzeko; halaber, adinekoek, mendekotasun-egoeran daudenek edo desgaitasunen bat dutenek beren bizi-kalitatea eta irisgarritasun errazteko aparatuak eta teknologia erosteko diru-laguntzak eskuratu ahal izatea sustatuko du; eta, azkenik, enpresak eta herritarrak kontzientziatuko ditu EB Next Generation funtsen kontura irekitako lerro anitzetarako laguntzak eska ditzaten.

Publizitate-kanpainen hirugarren multzoaren funts nagusia da herritarren osasuna prebenitzea. Horrela, Gobernuak umetoki-lepoko minbizia goiz detektatzeko programan parte hartzea bultzatuko du; sexu-transmisiozko gaixotasunak prebenitzeko beharra azpimarratuko du, azken urteetan izandako gorakada ikusita; eta ekintza espezifiko bat abian jarriko du biztanleria orekaz elika dadin eta ariketa fisikoa erregulartasunez eta pertsona bakoitzaren baldintzetara egokituaz egin dezan.

Gaur onartutako Planaren arabera, Nafarroako Gobernuko departamentuek publizitate instituzionaleko beste kanpaina batzuk bultzatu ahal izango dituzte, plangintza honetan jasotakoez bestelakoak, publizitatea kontratatzeko dagozkien aurrekontu-kredituen kontura. Nafarroako Gobernuak, beste urte batez, Gobernu Irekiaren Atarian argitaratuko ditu Publizitate Instituzionalaren testu osoa nahiz Nafarroako Gobernuak 2022ko ekitaldian zehar publizitate instituzionalean egindako inbertsioen gauzatzeari buruzko txostena.