Ospitaleko Iktus Unitateak Iktuserako Europako Erakundearen ESO Stroke Centre ziurtagiria lortu du

Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Iktus Unitateak Iktuserako Europako Erakundeak (European Stroke Organization – ESO) emandako ESO Stroke Centre ziurtagiria lortu du: asistentziaren kalitate-estandar zorrotzenak betetzen dituztela egiaztatzen duten Europako iktus-unitateei ematen zaie.

Hori lortzeko, zehatz-mehatz justifikatu behar dira, besteak beste, unitatearen gaitasun materialak eta giza gaitasunak, antolamendu-egitura, asistentzia-prozesuak, jarduera zientifikoa eta, jakina, asistentzia-emaitzak.

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Iktus Unitatea, Neurologia buru duena, modu koordinatuan lan egiten duten ospitaleko beste zerbitzu askok osatzen dute: Erradiologia eta Neurorradiologia, Neurorradiologia Interbentzionista, Neurokirurgia, Kirurgia Baskularra, Kardiologia, Barne-medikuntza, Errehabilitazioa, Gizarte-laguntza, Larrialdiak eta Zainketa Intentsiboetako Unitatea.

ESO Stroke Centre aintzatespena lortzeko, zerbitzu horiek guztiek European Stroke Organizationen aurrean egiaztatu behar izan dute iktus akutua duten pazienteen arretan duten bikaintasuna. Hori dela eta, Unitateko arduradun Mari Mar Freijo doktoreak adierazi duen bezala: «Egiaztapen hori lortu izanaren merezimendua inplikatutako zerbitzu guztiena da, laburbilduz, Gurutzetako Unibertsitate Ospitale osoarena. Bermatu egiten du, berriro ere, haren bikaintasun eztabaidaezina».

2009an inauguratu zen Ospitaleko Iktus Unitateak 780.000 pertsona baino gehiagoko erreferentziako biztanleria du, eta urtero 700 paziente artatzen ditu. Unitate horiek iktusa duten pazienteak maneiatzeko tresna nagusiak dira, emaitza funtzionalaren hobekuntza errazten dutelako eta hilkortasuna murrizten dutelako.

Iktusa zenbakitan

Iktusa emakumeen artean heriotza-kausa nagusia da Euskadin, eta desgaitasun-kausa nagusia eta dementzia-kausen artean bigarrena, eta 100.000 biztanleko 180-200 kasuko prebalentzia du. Erasandako pertsonen % 55 sendatzen dira edo gutxieneko afekzioekin jarraitzen dute; % 30ek, berriz, bizirauten dute baina ezgaitzen duten ondorioak dituzte, eta % 15 hiltzen dira.

Iktusa Euskadin gertatzen diren ospitaleratze neurologikoen % 70 da, eta osasun-gastu osoaren % 3 eta % 6 artean eragiten du.

Horregatik, lehen mailako eta lehentasun handieneko urgentziatzat hartu behar da. Alde horretatik, iktusaren arretaren arrakasta-gakoetako bat da azkar detektatzen direla haren hasierako sintomak, eta osasun-sistemarekin harremanetan jartzen dela.

Osakidetzaren estrategia bultzatzea

Iktus Unitatea akreditatzea bultzada bat da Osakidetzaren estrategiarako, pertsonak zaintzen dituzten pertsonek osatutako osasun-sistema bat izan nahi baitu. Konpromiso, gaitasun eta errekonozimendu sozial handia duten profesionalek osatutakoa. Osasun-sistema horrek hainbat eremutako profesionalek euskal herritarren osasun-beharrei erantzuteko egiten duten talde- eta sare-lana baloratzen, sustatzen eta bultzatzen du.