PUNTUEUS Interneteko domeinuen erabaki-organoetan finkatu da

PUNTUEUS Fundazioak beste hiru urtez jarraituko du ICANN Interneteko domeinuen munduko erakundearen GeoTLD izeneko lantaldearen lehendakariordetzan, alegia, Interneten eremu geografiko eta komunitateen domeinuak ordezkatzen dituen erakundean, lehen mailako ordezkaritza izaten jarraituko du.

Duela hiru urte izendatu zuten lehenengo aldiz PUNTUEUS Fundazioa talde honetako lehendakari orde, eta beste hiru urtetarako berriztu dute kargua. GeoTLD taldean 37 TLD edo domeinu elkartzen dira. Batzuk .EUS antzeko TLD komunitarioak dira (Kataluniako .CAT edo Eskoziako .SCOT, adibidez), baina gehienak hiri eta lurralde geografikoak ordezkatzen dituztenak dira, asko gobernu lokalek ordezkatuak, esaterako, ‘.LONDON’,  ‘.BERLIN’, eta ‘.NYC’.

Josu Waliñok, PUNTUEUSeko zuzendari nagusiak dioenez, lantalde bateko zuzendaritzan egoteak PUNTUEUSi “erreferentzialtasuna” ematen dio, Interneteko gobernantzako erabakietan parte hartzeko aukera zabalduz. Horrez gain, “indarra ere ematen dio .EUSek ICANNen duen posizioari, eta ikusgarritasuna euskal komunitateari”.

“Uste dut oso garrantzitsua dela gurea bezalako komunitate eta domeinu batentzat Interneteko gobernantza erabakitzen den gunean ardurak izatea. Kontuan izan behar da munduko estatu guztiek ordezkari ofiziala dutela ICANNen, eta Euskal Herriak ordezkaritza izateko modu bakarra une honetan PUNTUEUSen bidez dela”, azpimarratu du Waliñok.

GeoTLD, ICANNen lantaldea

ICANN da Interneten kudeaketaz arduratzen den erakundea. Erakunde honen antolamendua multistakeholder eredukoa da, hau da, ICANNen barruan Interneteko eragile mota ezberdinez eratutako lan-taldeak daude, eta lantalde hauen ordezkariek osatzen duten ICANNeko zuzendaritza. “GeoTLD taldea da hauetako bat, eta honen bidez TLD komunitario eta geografikoen interesak defenditzen ditugu ICANNen barruan, Interneten gauzatuko diren aldaketetan gure ahotsa izanik” adierazi du Josu Waliñok.

Gaur egun Internetek erronka garrantzitsuak bizi ditu, eta hauei aurre egiteko neurriak eztabaidagai dituzte ICANNeko eragileek, besteak beste, Interneteko segurtasuna areagotzeko aplikatuko diren araudi berriak adostu eta ezartzea, datuen pribatutasunean Whois[1] sistema ordezkatuko duen RDAP[2] sistema berriaren egokitzapena, edo  Universal Acceptance[3] moduan ulertzen dena areagotzea.

Guzti horretan dihardute ICANN osatzen duten erakunde guztiak, eta benetako aurrera pausuak ematen ari dira zentzu horretan. GeoTLDen kasuan, ahalegin berezia egiten ari dira domeinuen segurtasunaren alorrean, eta baita Interneteko eragile handiek (Google eta WordPress bezalakoek) domeinu komunitarioen integrazioa gauzatzeko lankidetza areagotzen.

PUNTUEUS Fundazioari buruz

PUNTUEUSek aurkeztu zuen, 2012ko maiatzean, .EUS domeinuaren eskaria ICANN erakundearen aurrean. Eta hura da, 2013an onarpena jaso zuenetik, .EUS domeinua kudeatu, kontrolatu eta administratzeko ardura duen erakundea.

PUNTUEUSen misioa gizartearen transformazio digitalean euskaratik eragitea da, eta hau gauzatzeko .EUS domeinuaren zabalkundea sustatu eta transformazio digitaleko proiektu aurreratuak jartzen ditu abian. Une honetan, 14.000tik gora .EUS domeinu daude erregistratuta.

[1]  Interneteko domeinu edo IP helbide baten jabea zein den zehazteko aukera ematen duen eta datu-base batean kontsultak egiteko eskaera/erantzunean oinarritutako protokoloa da.

[2] Registration Data Access Protocol-en siglak dira. Domeinuen, kontaktuen etab-en erregistro-datuerata sartzeko protokolo berri bat da. Whois-en antzekoa, baina azken honetan baino kontsulta gehiago egin daitezke.

[3] https://uasg.tech/