Martxan da Barakaldon Hiri Antolamenduko Plan Orokor berri bat egiteko prozesua

Martxan da dagoeneko Barakaldon Hiri Antolamenduko Plan Orokor berri bat taxutzeko prozesua.lizitatu berri da lanen kontratazioa, udaberrian has daitezen. «Horrela, etorkizuneko Barakaldo diseinatzeko lehen urratsa egin dugu» iragarri du  Carlos Fernández bigarren alkateordeak, gaur goizean Juan Antonio Pizarro Etxebizitza, Plangintza eta Hirigintza Kudeaketa arloko zinegotziarekin batera.»Horixe izango da hiriaren bigarren eraldaketa hiritar eta sozial handia. Lehenengoa 90eko hamarkadaren amaieran hasi zen, Carlos Pera alkatearekin, eta, dagoeneko, azken txanpari ekin zion, itsasadarra berriro konkistatuz, batez ere Urban plana errematzeari esker eta Lutxana eta Burtzeña inguruetan egiteke dauden hirigintza-eragiketen garapenari esker, hala nola Serralta parkeari. Jarduketa horiek hiriaren lurralde-kohesioa erraztuko dute, udalerria zeharkatzen duten errepide- eta trenbide-azpiegitura handiek izugarri baldintzatuta baitaude», azaldu du Fernándezek.

Hiri-eraldaketa hori burutzearekin batera, Carlos Fernándezen arabera, «beharrezkoa da hiri-eredua birdefinitzea, XXI. mendera egokitzeko eta barakaldarren bizi-kalitatea hobetzeko, ingurumenaren eta gizartearen ikuspegitik jasangarria den ikuspegi batekin».  Horregatik da beharrezkoa Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berri bat egitea.

Bigarren eraldaketa handi horrekin, Fernándezek «Barakaldo ingurumen-jasangarritasunaren edo enpleguaren arloko politiken lider izatea» nahi du, «beharrezkoak ez ezik, premiazkoak ere badirenak, ekoizpen- eta industria-sarea berreskuratuz. Hiri honek, gaur egun, bere etorkizuna planifikatu eta diseinatu behar du, oso erronka larriei aurre egin behar diegulako, hala nola klima-aldaketari eta erronka demografikoari».

Plan Orokor berria egiten den bitartean, herritarrek parte hartzeko prozesu bat irekiko da. Carlos Fernándezen ustez, prozesu hori funtsezko zatia izango da, hiria berriz eraiki behar baita, barakaldar guztien lankidetzarekin eta inplikazioarekin.

AURRETIAZKO AZTERLANAK ETA PLANAREN FASEAK
Juan Antonio Pizarrok, bestalde, adierazi du Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berriaren horizontea 2027an dagoela jarrita, eta data horretan lanak amaitzea aurreikusten dela.  Prozesuak zortzi fase ditu.
Lehenengo fasean, HAPOren egungo egoera aztertuko da eta aldez aurreko azterlanak egingo dira. Prozesu horretan, lurralde-antolamenduko planak eta Barakaldoko Plan Orokorrari eragiten dioten beste batzuk aztertuko dira. Era berean, ingurumenaren, garraioaren eta mugikortasunaren, bizitegi-lurzoruaren eta etxebizitzaren edo jarduera ekonomikoetarako eta merkataritza-jarduerarako lurzoruaren afekzioen analisiak egingo dira. Fase horretatik ondorioen dokumentu bat eta HAPOren aurrerapen bat aterako dira, Pizarrok adierazi duenez.Bigarren fasea herritarren parte-hartzearena izango da, eta hortik aterako da Plan Orokorraren aurrerapena. Ondoren, ingurumen-prozeduraren faseak, HAPOren prestaketa eta hasierako, behin-behineko eta behin betiko onarpenak etorriko dira.

Hirigintza-izapideak udalez gaindiko hainbat arauditan ezarrita daude, eta oso neketsuak izateaz gain, legez ezarritako eta errespetatu beharreko epe batzuk dituzte, Etxebizitza, Plangintza eta Hirigintza Kudeaketako zinegotziak adierazi duenez.

Lutxana, Baltogar, Llano, Burtzeña eta Kadagua-Zubileta eremuetan hirigintzaren aldetik garatu beharreko eremuen berrikuspen partziala ere barne hartzen dute lanek. Eremu horietakoren batean lanean ari dira jada, hala nola etorkizuneko enpresa-parkeko lursailetan edo Gruber eta Mebusa nabe zaharretan. Karobiko planak, bestalde, hirigintza-izapideak amaitu ditu, eta abandonatutako pabiloiak eraisten hasteko baimenak daude.