Hezkuntza sailak 7 milioi euro bideratu ditu ikastetxe publikoetan jolastoki inklusiboak sortzeko

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, udalen jabetzakoak diren Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eraikinetan jolastokiak sortzeko eta zaharberritzeko lanak finantzatzeko. 7 milioi euroko zenbatekoa duen deialdi honek, azken batean, aipatutako ikastetxeetan jolastoki inklusiboak sortzea sustatzen du.

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak udal-titulartasuneko instalazioetan daude kokatuta, eta laguntza hauek, beraz, euren jabetzako eskola-eraikinetako jolastokiak sortzeko edo horietan hobekuntzak egiteko obra-proposamenak aurkezten dituzten Euskadiko udalei zuzenduta daude.

Laguntza hauen onuraduna izateko, obrak 2022ko urtarrilaren 1aren ondoren hasi eta 2023ko abenduaren 31 baino lehen amaitu beharko dira. Obra horiek gauzatzeko, Hezkuntza Sailaren dirulaguntzak Balorazio Batzordeak onartutako aurrekontuaren % 90 hartuko du bere gain. Gainerako % 10 obra-proiektua aurkezten duen udalaren kontu izango da. Eskaera bakoitzari emandako kopurua ezin izango da 87.120 eurotik gorakoa izan, BEZ barne (72.000 euro + BEZ).

Jolastoki inklusiboak

Dirulaguntza hauen bidez finantzatu ahal izango dira berdintasunean eta aniztasunarekiko errespetuan oinarritutako kalitatezko harremanak eta esperientziak eraikitzeko eta ikasteko patio inklusiboak sortzeko obrak. Jolastoki inklusibo kontzeptuak jolaserako espazioak eta uneak sortzeari egiten dio erreferentzia. Espazio horietan, ikastetxeko haur guztiek beren intereseko jolas-jarduerak egin ahal izango dituzte ikuspegi inklusibotik eta hezkidetzatik.

Deialdi hau Hezkuntza Sailaren II Hezkidetza-planarekin lerrokaturik egiten da (“EAEko Hezkuntza Sistemarako II Hezikidetza-plana, berdintasunaren eta tratu onaren bidean”). Plan honek, bere gidalerroetan eta oinarrizko zutarrietan, baliabideen eta espazioen erabilera ekitatiboa bultzatzeren aldeko apustua egiten du; izan ere, espazioen banaketak eta erabilerak eta hezkuntza-ingurunearen antolakuntzak ere garrantzizko eginkizuna betetzen dute balioen eta arau sozialen transmisioan.

Aipatutako planak arreta berezia eskaintzen die, beste hainbat alderdiren artean, jolastokiei. Beste era bateko jolastokiak diseinatzea eskatzen du, jolaserako espazio horiek beste era batera antolatzea. Azken batean, jolastoki inklusiboak sortzea, gune horietako jarduerak eta espazioen banaketa berdintasunezko harremanak errazteko eta erabilera ekitatiboa izateko diseinatuta egon daitezen. Hezkidetzako eremuak sortu nahi dira, elkarbizitza nagusitzeko aukera emango duten jolastokiak, sexua, adina, orientazio sexuala, gaitasuna eta genero-adierazpena alde batera utzita.

Horregatik guztiagatik, Hezkuntza Sailak deialdi honen bidez Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan ildo horretan eta hezkidetza-helburuarekin garatuko diren jarduketak finantzatuko ditu.

Udalaguntza deialdiaren osagarri

Jolastoki Inklusiboak sortzeko deialdi berria Hezkuntza Sailak urtero egiten duen Udalaguntza deialdiaren osagarria da. Udalaguntza deialdiaren bidez, udalek ikastetxeetako instalazioetan egiten dituzten hobekuntza eta eguneratze lanak finantzatzen ditu Hezkuntza Sailak (teilatuak berritzea, irisgarritasunerako lanak, instalazioak hobetzea, kanpoko arotzeria ordezkatzea…).

Udalek hilabeteko epea izango dute eskaerak aurkezteko, Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.