Plastikoa birziklatzen laguntzea herritarren betebeharra da

Ontzien eta ontzi-hondakinen abenduaren 27ko 1055/2022 Errege Dekretuak zenbait betebehar ezartzen dizkie plastikozko ontzien ekoizleei eta ontzi horien merkaturatzaileei. Horrez gain, 31. artikuluan kontsumitzaileei ere zabaltzen die ekonomia zirkularrarekin lankidetzan aritzeko betebeharra.

Alde batetik, produktu hori biltegiratzeko eta itzultzeko sistemari lotutako ontzia bada, ontzi hori itzuli egin beharko dugu. Horrek esan nahi du erabili eta botatzearen kulturak alde batera utzi zituen sistemetara itzuliko garela, sistema horiek ingurumenarekiko errespetu handiagoa erakusten dute eta.

Dekretu honen arabera, kontsumitzaileak behartuta daude itzulgarriak diren eta itzulgarriak ez diren ontziak bereiztera, eta itzulgarriak ez diren ontziak beren udalak horretarako prestatutako baliabideen gaikako bilketarako edukiontzietan uztera. Hori ez ezik, itzulgarria ez den ontzia hainbat materialez eginda badago eta material horiek erraz bereiz badaitezke, kontsumitzaileak materialak bereizi eta dagokien edukiontzian utzi beharko ditu.

Kontsumitzailearen lana errazteko, ontzi guztiek adierazi beharko dute berrerabilgarriak/itzulgarriak diren ala ez, eta Biltegiratze- eta Itzultze-sistemari lotuta dauden. Itzulgarriak ez diren etxeko ontziek adieraziko dute zein edukiontzitan utzi behar diren.

Jakina, debekatuta dago ontziak aurreko arauak bete gabe botatzea, eta hala ezartzen du dekretuak. Kontsumitzaileek, inola ere, ezingo dituzte ontzien hondakinak kalean utzi, horiek biltzeko edukiontzietatik kanpo.