Gotzone Sagardui Osasun sailburuak bat egin du Haurren Minbiziaren aurkako Nazioarteko Eguna ikusarazteko ekitaldiekin

Gaur, otsailak 15, Haur Minbiziaren aurkako Nazioarteko Egunaren hogeita batgarren edizioa ospatzen da. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Haurren Onkologia bisitatu du gaur goizean, eta Aladina Fundazioa, La Cuadri del Hospi eta Aspanovas elkarteek antolatutako ekitaldietan parte hartu du, ospitaleratutako haurrekin eta osasun-langileekin batera.

Iaz bezala, Aladina Fundazioak ospitaleratutako haurrak, haien familiak eta haiek artatzen dituzten profesionalak gonbidatu ditu ospitalearen sarreran argazki bat egitera buruan zapi bat dutela, eta #PañueloChallengeAladina bidez sareetan partekatzera. Lentzeriako zerbitzuak ere bat egin du ekimenarekin, eta Pediatriako jaken oihal berarekin egin ditu zapiak. Gainera, urtero bezala, Unibertsitate Ospitaleak eskailera horiz argiztatu du, gaixotasun hori duten haurrei babesa eta ikusgarritasuna emateko.

Bestalde, Cuadri del Hospi elkarteak bat egin du egun honekin, eta ilusioa sortu du umeengan Haurren Onkologia arloan, korridorearen, eguneko ospitalearen eta ospitalizazio-eremuaren dekorazioarekin. Bestalde, Aspanovasek informazio-mahai bat jarri du Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitalearen sarreran.

Intzidentzia eta biziraupena

Haurren minbiziaren batezbestekoa urteko 50 tumore gaiztokoa da (0 eta 14 urte artean); biztanleria osoarena, berriz, 14.000koa. Kasu gutxi direnez, estatistikoki aldi luzeak ikertu behar dira datu eta joera fidagarriak izateko.

1990-1999 aldiko eta 2000-2009 aldiko datuak konparatzen baditugu, biziraupena (5 urtera) areagotu egin da, eta % 80ra iritsi da, haurren tumore guztietan, batik bat biziraupena are gehiago areagotu delako haurretan ohikoenak diren tumoreen kasuan (leuzemiak eta linfomak; adin horretan izaten diren minbizi guztien ia erdia dira).