Kontsumobidek gogorarazten du 29.400 eurotik beherako errentek onurak eskuratzeko aukera dutela hipoteketan.

Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuak gogorarazten du urtean 29.400 eurotik beherako errentak dituzten eta hipoteka-kuota nabarmen handitu zaien kontsumitzaileek banku-jardunbide berrien kodeak jasotzen dituen neurri iragankorrak balia ditzaketela.

Pertsona horiek banketxeari eska diezaioketen neurrien artean hauek daude: kredituaren epea 7 urtez luzatzea, gehienez 40 urtera arte, 2022ko ekainaren antzeko kuota bat ezartzeko helburuarekin; hipoteka-kuota izoztea, 2022ko ekaineko baldintzetan, edo interes aldakor bat finkora pasatzea.

Neurri horiek 2024ko abenduaren 31ra arte daude indarrean, eta nahitaez bete behar dituzte Jardunbide Egokien Kodeari atxiki zaizkion eta une horretan estatuan jarduten duten banku eta kutxa gehienek.

Kontsumoko Euskal Institutuak gogorarazten du neurri horiei buruzko informazioa eskuragarri dagoela, baita neurri horiek baliatzeko baldintzei buruzkoa ere, banketxeetan, baita Espainiako Bankuaren eta Kontsumobideren webguneetan ere. Hori dela eta, neurri horien onuradun izan daitezkeela uste duten pertsona guztiei informatzeko eskatzen die.

Neurri horien onuradun izateko baldintzak betetzen ez badira ere, Kontsumobidek banketxera jotzea eta hipoteka berrikusteko eskatzea gomendatzen du, ordaindu gabe geratu aurretik. Hipoteka kontratatu den banketxearen erantzun egokirik lortzen ez bada, beste erakunde batzuetara jo daiteke baldintza hobeak lortzeko; izan ere, kitapenaren, amortizazio aurreratuaren, berritzearen eta subrogazioaren baldintzak ere malgutu dira.