Araba Domotic: “Gaur egungo domotikak eragin handia du energiaren aurrezkian”

Araba Domotic Gasteizko ETE bat da, gasteiztar kementsu, trebatu eta bisionario batek 2004an sustatu zuena, bere domotikako ezagutzak enpresen eta etxeen eguneroko jardunean aplikatzeko.  Sortu zenetik hogei urte igaro diren honetan, Araba Domotic System-ek brontzezko domina jaso du KNX Instalazio Domotikoen Lehiaketa Nazionalean, Arkauteko Ertzaintzaren Akademia eraikin jasangarri, autonomo eta adimentsu bihurtzeagatik. “Pisuzko arrazoiak, aurrezki eta efizientzia energetikoen politikei dagokienez, domotika dagokion tokian kokatzeko”, diosku konpainiako CEO Ioseba Martínez de Guereñuk.

Hitz egiguzu azken sari horretaz…

KNX elkarteak Estatuko hiru instalazio domotiko onenei ematen dien sari bat da. Bi urterik behin antolatzen da, baina pandemia dela eta, orain dela lau urte egin zen azkenekoz. Edizio honetan sekula baino proiektu gehiago aurkeztu dira eta, beraz, ilusio handiagoa egin digu saria irabazteak.

 Paradoxikoa badirudi ere, lehen aldia da krisialdi batek mesede egiten dizuela…

Mundu mailako krisialdi energetiko hau mesedegarria da energiaren aurrezkian edo energia berriztagarrien sorkuntzan diharduen sektore ororentzat, eta gu, hain zuzen, arlo horietan ari gara lanean, alegia, energiaren efizientzian, energia berriztagarrietan eta mugikortasun elektrikoan. Kasu honetan, domotika figura garrantzitsua da eta izango da, domotikan oinarrituko baita eraikinen deskarbonizazioa. Gainera, gure sektoreak ingurumenari laguntzen dio, eta horrek ilusio handia egiten digu.

Zer esan nahi du gaur egun domotikak?

Duela hogei urte hasi ginenean bazuen halako kutsu cool bat, gutxi batzuentzako teknologia bihurtzen zuena, hots, ez zena eskuragarria mundu guztiarentzat. Baina, gaur egun, zorionez, demokratizatu egin da. Eta, beraz, esango nuke esan nahi duela aurrerakuntza, aurrezkia eta lasaitasuna.

Pertzepzioa da “oso garestia” dela, errealitatera egokitzen al da pertzepzio hori?

Era guztietako sistemak daude eta, beraz, poltsiko guztietarako. Etxebizitzen sektorean, adibidez, 80 edo 90 metro koadroko etxebizitza baten kasuan, 1.500 edo 2.000 eurogatik posible duzu mugikorrean integratzea berogailua, argiak, pertsianak, eta sute-, hezetasun- eta intrusio-sentsoreak.

Badirudi domotika dela iraultza teknologiko handien “ahizpa txikia”…

Egia da, gauza guztiek eboluzionatu dute, baina badirudi domotika ez dela erabat garatu, nahiz eta aspalditik dagoen merkatuan. Etxebizitzen sektorean, egia esan, Euskadin kostatzen ari zaio. Madrilen, adibidez, etxebizitza berri gehienek badituzte integraturik sistema domotikoak. Gu, ordea, hirugarren sektoreari dagokionez, bat gatoz egungo garaiekin, eta zehazki Gasteizen askoz gehiago. Hemen ingurumenari diogun errespetuak funtsezko bihurtzen gaitu eraikinen proiektuetan. Hiriko zentro zibiko guztien proiektuetan parte hartu dugu.

Badute antzekotasunik 2004an sortu zenuen enpresak eta gaur egungoak?

 Motibazio, gogo eta ilusio berdina dugu. Topiko bat da, baina kasu honetan egia da. Motibazioa, gogoa eta ilusioa lehengo berdinak badira ere, jakintza eta esperientzia gehiago dugu, eta hori oso garrantzitsua da gurea bezalako arlo teknologiko batean. Hasieran baino zerbitzu gehiago eta hobeak eskaintzen ditugu.

 Ezagutu ditugu bi kataklismo garrantzitsu, lehengaien eta energien krisialdia, gerra bat… Hori guztia gorabehera, merezi izan du bidea egiteak?

 Pentsatzen genuenean 2008ko krisia atzean utzia genuela eta fakturazio-maila eta lan-zama onetara itzuliak ginela, pandemia iritsi zen. Gero, bazirudienean gurutzaldi-abiadura hartua genuela, Ukrainiako gerra etorri zen, gerrak berekin ekarri duen guztiarekin. Horrek esan nahi du daukaguna baloratu behar dugula eta lanean eta borrokan jarraitu beharra dagoela, ez baitakigu zer gertatuko den bihar. Merezi izan du bai, beti merezi du bidea egiteak, gogorra bada ere. Bidean beti daude gauza onak, beti aurkitzen duzu jende ona eta esperientzia onak.

 Non ikusi nahi zenuke zure enpresa epe labur-ertainean?

 Pertsona batek proiektu bat sortzen duenean, garrantzitsuena da hazteko motibazioa izatea. Nire kasuan ere hala da, baina, hori bai, oinak beti lurrean izanda. Beti gustatu izan zait inurriek bezala lan egitea, apurka-apurka baina urrats sendoekin. Etorkizunean nahiko nuke oraintxe garen bezalakoak izatea, hau da, hiriko erreferente bat domotikari dagokionez. Baina beti da posible hobetzea eta haztea, nahi duguna da hirian automatizazioren bat daraman obra berri bat egiten den bakoitzean gogoan har gaitzatela. Horrek esan nahiko du ongi kokatuak gaudela merkatuan.