Lehendakariordeak eskatu du zahartzaroko etapek eskaintzen dituzten aukerak kalitatezko enplegu bihurtzeko

Mendiak zerbitzuak espezializatzeko estrategia eraldatzaile baten alde egiten du, pertsonen bizitza lagundu eta sinplifikatzen dutenak urteak betetzen dituztenean, eta ekiteko aukerak ematen dituztenak

Idoia Mendia Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak gaur eskatu du zahartzaroko etapetan beharrezkoak diren zainketak “duintzeko”, lanbideari balioa emateko eta zeregin horietan aritzen direnak, batez ere emakumeak, modu egokian prestatzeko, lanpostu profesional, duin eta kalitatezkoak izan daitezen.

Mendiak Zainlab programaren lan-saioan parte hartu du gaur: «Zainketen eremuan ekonomia, profil berriak eta rolak silberizatzeko konpetentzia profesionalak». Buru den sailak 2021ean abiarazitako ekimen horren helburua da profil profesional berriak eta rol berriak identifikatzea, zainketen erronkari aurre egiteko.

Bere hitzaldian, Lehendakariordeak aipatu du gizarteak behar duen kultura-aldaketa, “zahartzaroari buruz baino, zahartzaroei buruz hitz egiteko, jubilatu ondorengo bataz besteko hogeita hamar urteei buruz” , ez baita gauza bera 60 urte izatea eta 75 edo 90 izatea. “Orain, urteak alde batera utzita, aldea markatzen duena pertsona bakoitza da, autonomia fisiko edo psikikorako gaitasuna, baliabide ekonomikoak eta aldaketa teknologikoak bere gain hartzeko gaitasuna”, gaineratu du.

Bere ustez, dagoeneko ez du balio adineko pertsonez ari garenean “osasun-zaintzak eta -arretak soilik aipatzea. Hori egin behar da, bai, eta intentsitate handiz, eta horri erantzuten dio Zainlab programaren ildoetako batek: zainketen arreta duintzea, lanbideari balioa ematea eta prestakuntza egokia ematea zeregin horietan aritzen direnei, gehienak emakumeak baitira”.

Behin eta berriz esan duenez, zainketen jarduna duintzea “funtsezko ildoa da enpleguari dagokionez, baina estrategia erabat eraldatzailea izan nahi dugu, enplegu berriez osatua, lana duintzeaz gain, urteak betetzen dituzten pertsonen bizi-kalitatea duintzeko, osasun-sistema publikoaren eta pentsio-sistema publikoaren arrakastari esker”.

Ildo horretan, Lehendakariordeak esan du pertsonek bizitza osoaz gozatzeko duten eskubideaz hitz egin behar dela, eta horren inguruan “sortu direla milaka enplegu-aukera, aztertu nahi ditugunak: pertsonen bizitza lagundu eta sinplifikatzen duten zerbitzuen espezializazioan, urteak betetzen dituztenean, ekintzailetzarako aukera berriak eskaintzen dituena”.

Adina kudeatzea

“Ez da adina estigmatizatu behar, ez lan-bizitzan, ez ondoren. Adina kudeatzeaz hitz egin behar da, bai enpleguan, bai erretiroan”, eta zehaztu aurretik adierazi du hori dela, hain zuzen ere, gaur egindako lan-saioaren helburua, “silver economy-ko prestakuntza-curriculum bat diseinatzea, hainbat diziplina profesionali espezializazioa ematea ahalbidetuko duena, enplegagarritasun handiagoa emateko eta, aldi berean, erronka horrekin lotutako enpresa-aukerak sortzeko”.

Idoia Mendiak gogorarazi du adinekoak ez direla kolektibo uniformea. “Izan ere, 80 urte bete dituztenen % 75ek ez du inolako mendetasunik. Errealitate ugari daude, milioi erdi baino gehiago orain Euskadin, baina 2040. urtean gehiengo sozial berria bihur daiteke”, adierazi du.

Horregatik, “lanbide berriak, rol berriak eta espezializazio berriak esploratzeko beharra” azpimarratu du, “guztiek irabazteko: adina betetzen dutenek eta kalitatezko enplegua izan nahi dutenek”. Lanbide berriek eta lehendik dauden beste lanbide batzuen espezializazioak 40.000 enplegu baino gehiago sor ditzakete hamarkada honetan, eta, beraz, “beste ezer itxaron gabe ekin nahi diogun aukera-nitxo bat dira”, amaitu du.