Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailak 900.000 euro bideratuko ditu bizikidetza eta giza eskubideen errespetua sustatuko duten proiektuetarako

  • Laguntzak irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuei eta biktimen elkarteei zuzenduta daude

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak 900.000 eurorekin finantzatuko ditu 2023an irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuek bizikidetzaren eta giza eskubideen inguruan egiten dituzten proiektuak.

Gobernu Kontseiluak gaur eman dio oniritzia laguntza-deialdiari. Laguntza horien helburua gure gizartean bizikidetza, giza eskubideekiko errespetua, enpatia eta elkartasuna sustatzea da.

Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko irabazi asmorik gabeko pertsona juridiko pribatuek eta EAEn gertatutako ekintza terroristen biktimak kide dituzten biktimen elkarteek honako jarduera-eremu hauekin zerikusia duten proiektuak aurkeztu ahal izango dituzte:

  1. Bizikidetza eta giza eskubideak:

1.- Giza duintasunarekiko, giza eskubideekiko eta bizikidetza kontziliatuarekiko konpromisoa sustatzea helburu duten parte-hartzeko, zabalkunderako edo gizarte-hezkuntzako jarduketak.

2.- Gizartean edonolako indarkeriari, terrorismoari edo giza eskubideen urraketari lotutako kontzientzia kritikoa eta deslegitimatzailea sustatzeko ekimenak.

3.- Iraganean gertatutako edonolako indarkeria-motaren inguruan, hausnarketa kritikoko eta gizarteratzeko prozesuetan lagundu ahal izateko programak, Europako justizia leheneratzailearen joerarekin bat.

4.- Gizarte-partaidetzako esperientziak eta bizikidetza normalizatuaren erronken gaineko elkarrizketa desberdinen artean, aniztasuna eta gizarte-topaketa sustatzeko.

  1. Biktimak eta gizartea:

1.- Terrorismoaren biktimei laguntza emateko ekintzak.

2.- Politikagatiko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketen biktima direnei laguntza emateko jarduketak.

3.- Biktimen eta gizartearen arteko lotura sustatzen duten programak, bai eta biktimek bizikidetzaren eraikuntzari aurrerapenen eta bilakaeren parte-hartzaile diren aldetik egiten dioten ekarpena sustatzen dutenak ere.

  1. Aniztasuna eta elkartasuna:

1.- Aniztasunaren kudeaketa positiboaren, arrazismoaren, xenofobiaren edo gorroto-delituen prebentzioaren balioak sustatzen dituzten proiektuak.

2.- Elkartasunaren eta gizarte-inplikazioaren balioak sustatzen dituzten esperientziak, desberdintasuneko, diskriminazioko, bidegabekeriako, bazterketako edo marjinazioko modu kritikoenen aurrean.

3.- Elkartasuneko, inplikazioko eta gizarte-mugikortasuneko ekintzak, indarkeriarako, gerrarako eta nazioarteko terrorismorako adierazpen berrien aurrean.

Erakunde onuradun bakoitzak proiektu bakoitzeko 25.000 euro jaso ahal izango ditu gehienez.