Martxoaren 8a dela eta, emakume gehiagok erabaki- eta lidergo-postuak bete ahal izateko baldintzak sortzeko beharra aldarrikatzen du Eusko Jaurlaritzak

  • Nerea Melgosa sailburua Gobernuaren bozeramaile Bingen Zupiriarekin batera agertu da gaur Gobernu Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan

“Baldintza egokiak sortu behar ditugu emakume gehiagok erabaki- eta lidergo-lanpostuak bete ditzaten”. Hala adierazi du gaur Nerea Melgosak, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, exekutiboak martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, egin duen adierazpen instituzionala irakurtzerakoan.

“Badakigu emakumeek beren bidean aurkitzen dituzten oztopoek ez dutela zerikusirik prestakuntza edo lidergo faltarekin, haurtzarotik helarazten zaizkigun eta gure ibilbide profesional eta bizi osoan irauten duten genero-rol eta -estereotipoekin lotutako faktore askorekin baizik”, azpimarratu du.

Aurten, Eusko Jaurlaritzak, Foru-Aldundiek eta Euskal Udalek, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika sailak eta Emakundek koordinatuta, Emakumeak Gora! kanpainarekin bat egin dute mezu hori gizarteari batera bidaltzeko.

Urteurrena

Era berean, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gogorarazi du aurtengo martxoaren 8an Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen lehen urteurrena ospatuko dela. “Arlo honetako herrialde aurreratuenen mailan berdintasun-egoera berri baterantz aurrera egiten lagunduko digun legea da”.