Kontsumobidek 123.000 euroko isuna ezarri dio Kutxabank erakundeari kutxa-zerbitzua ez emateagatik, eskudirutan ordaintzeko zerbitzua ezabatzeagatik eta abusuzko praktikengatik

Kontsumobidek 123.000 euroko zehapena ezarri dio Kutxabanki —erabakiaren argitaratzea zehapen osagarri gisa dakarrena—, erakundeak kutxa-zerbitzua ez emateagatik eta kontsumitzaileen eskubideen aurkako abusuzko praktikak egiteagatik izandako arau-hausteen ondorioz.

Partikularren erreklamazioren eta EKA/ACUV elkartearen salaketa baten ondorioz irekitako prozeduraren emaitza da zehapena. Erreklamazio horiek Kutxabankeko bezeroen kontuei ordainagiri bana leihatilan eskudirutan ordaintzeko aurkitutako ezintasunean oinarritzen ziren.

Zehaztu behar da kutxa-zerbitzua bezeroen kontu korrontearekin lotutako zerbitzu bat dela, hau da, bankuak diru-sarrerak jasotzen dituela eta ordainketak egiten dituela bezeroaren izenean, bezeroak berak emandako aginduak betez. Ordainketa-zerbitzuen esparru-kontratuan bertan, zerbitzu hori ordu-tarte eta asteko egun jakin batzuetara mugatzeko aukera baino ez da aurreikusten.

Hala ere, salaketan zein Kontsumobiden jasotako erreklamazioetan honako hau egiaztatu da:

  • Kutxabankek bere erakundean kontuak irekita dituzten bezeroei adierazten die hauek ezin dutela bezero ez diren hirugarrenen diru-sarrerak jaso; hortaz, kutxa-zerbitzua ematearen oinarrizko ezaugarrietako bat ez da betetzen.
  • Kutxabankek ezabatu egiten du leihatiletan eskudirutan ordaintzeko edo dirua sartzeko aukera; baina horrek urratu egiten du kontsumitzailea babesteko araudiak legez baimendutako ordainketa-bideak onartzeko ezartzen duen betebeharra.

Horrenbestez, Kontsumobidek 123.000 euroko zehapena jarri dio Kutxbanki arau-hauste larriengatik. Arau-hausteak larritzat kalifikatu dira, horren ondorioz kaltetutako pertsonen kopurua handia delako. Era berean, zehapen-ebazpenak ezartzen du zehapena argitara eman behar dela, administrazio-bidean irmoa denean. Neurri hori “eredugarritasun-arrazoiengatik” hartzea erabaki da.