60ko hamarkadaren hasieran Australiara emigratu zuten 8 emakume ausartei omenaldia Gernikan

Norberta, Mercedes, Basi, Amparo, Simo, Edelmira, Milagros eta Nieves dute izena. Joan den mendeko 60ko hamarkadaren hasieran Australiara emigratu zuten 8 emakume ausart dira. Gorka Alvarez Aranburuk, Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak, gogora ekarri du, joan den ostiralean, martxoaren 10ean, Gernikan emakume horiei egin zitzaien omenaldian, parte hartu zuten Euskadiko eta Espainiako agintariekin batera, omendu dituzten emakume horiei eta haien familiei eskainitako ekitaldian.

Kemen eta bihotz handiko 8 emakume horiek Australiara hamahiru hegalditan joan ziren eta 700 espainiar emakume gazte baino gehiagoren ordezkariak dira —horien artean euskaldunak gehienak—, etxeetako zerbitzuan langile gisa lan egitera. Operazioari «Marta Plana» izena eman zitzaion, 1960 eta 1963 bitartean egin zen eta Espainiako gobernu frankistaren eta Australiako gobernuaren arteko akordio baten emaitza izan zen.

Baina, Gorka Álvarez Aranburuk esan duenez, planak trikimailua zuen: Benetako helburua zen emakume gazte, katoliko, oso langile eta portaera ukiezineko horiek urte batzuk lehenago Australiara azukre-kanaberaren landaketetan lan egiteko joan ziren espainiar herritarrekin —gehienak euskaldunak ere— ezkontzea eta familiak osatzea.  1956 eta 1959 artean izan zen Espainiatik Australiara emigratu zuten gizonezkoen olaturik handiena. Gobernu frankistak langabezia jaitsi eta dibisak lortu nahi zituen, orduko gobernu australiarrak lan egiteko «gogor» ohituta eta prest zeuden langileak eta jende zuriarekin Australia populatzera bilatzen zuten.

Errealitate itogarri batetik ihesi

Alvarez Aranburuk duela gutxi ospatu den Martxoaren 8a ekarri du gogora, Emakumeen Nazioarteko Eguna hain zuzen ere, 8 emakume aitzindari horien lana ere aitortuz, eta gogoratuz horietako batzuek “emakume gisa zapaltzen zituen eta askatasunez bizitzen uzten ez zien errealitate batetik ihes egiten zutela” adierazi du.

Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak, halaber, euskal migrazioa Australiara eramateko gako nagusiak azaldu ditu: duela 60 urte inguru 2.500 euskaldun inguru —batez ere Busturialdea eta Lea-Artibai eskualdeetakoak, Gernika inguruan— iritsi zirela Australiako Queensland estatura, Townsville hiritik gertu dauden landaketetara, azukre- eta tabako-kanaberaren nekazaritza-ustiategietan lan egiteko. Handik pixka batera, Melbourne eta Sydneyra ere joan ziren bizitzera. Bada, Australiako hiru hiri horiek hartu dute parte omenaldian.

Istorio horiek isiltasunetik erreskatatzea

Gorka Álvarez Aranburuk goraipatu du Natalia Ortiz donostiarrak egin duen lana historia hori isiltasunetik berreskuratzeko, zeren eta Álvarez Aranbururen ustez «isiltasuna da oroimenaren etsairik txarrena». Duela 28 urtetik hona Sydneyn bizi den Natalia Ortizek —bere doktore-tesia emigrazio espainiarrari eta bere itzulerari buruzkoa izan zen— historia hori berreskuratu du «El avión de las novias» izeneko dokumentalean. Historia horren gainean ez daude dokumentuak eta dagoeneko gero eta zaharragoak diren pertsonen —zortzi emakume horiekin gertatzen den bezala— ahozko testigantzak baino ez dira gelditzen. Natalia Ortiz gai horri buruzko liburu batean ari da lanean eta orain arte ehundik gora testigantza bildu ditu, horietatik % 60 inguru Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako emakumeenak. Horretarako Euskal Australiar Elkartearen, —hau da, Australiatik itzulitakoen elkartearena— laguntza du.

Eusko Jaurlaritza bera, Gorka Alvarez Aranburuk azaldu duenez, Euskal Australiar Elkartearekin lanean ari da Australiara joandako euskal etorkinen memoria berreskuratzeko proiektu batean, itzulitako euskal etorkin horiei elkarrizketak egiteko, gero Euskal Diasporaren artxiboan jarriko direnak.

Erreferentziak: