Nerea Melgosak goraipatu du Bherria Euskadiko lankidetza publiko-soziala indartzeko gune gisa finkatu dela

  • EAEko 56 udalerritako lankidetza publiko-sozialaren alde lan egiten duten 300 udal-teknikari eta agente inguruk parte hartu dute Bherria programan, 2017tik

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur, honako hau nabarmendu du: “Bherria lankidetzako proiektuak sustatzeko erreferentziazko espazio gisa finkatu da”. Bherria Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzaren proiektu bat da, eta helburu du administrazio publikoaren eta herritarren artean lankidetzarako modu berriak aztertu eta sustatzea, ekintza kolektibotik abiatuta benetako premiei irtenbideak bilatzeko.

Proiektuak bost urte daramatza abian eta, denbora horretan, EAEko 56 udalerritako lankidetza publiko-sozialaren alde lan egiten duten 300 udal-teknikari eta agente inguruk parte hartu dute Bherrian. Hainbat arlotako parte-hartzaileak izan dira: gizarte-ekintza, kultura, kirola, kulturartekotasuna, hezkuntza, enplegua, euskara, berdintasuna, gazteria, ingurumena, herritarren parte-hartzea, ondarea, adinekoak, osasuna, jasangarritasuna edo hirigintza, besteak beste. Bherriak proposatzen duen programa parte-hartzaileek adierazitako beharretatik abiatzen da, eta hiru lan-ardatzen inguruan egituratzen da: gaikuntzarako jarduerak, ikaskuntza-erkidego baten aktibazioa eta zenbait gairi sakon heltzeko topaketak.

Bherriaren bosgarren urteurrena ospatzeko ekitaldia gaur izan da, Gasteizen, eta, bertan, Melgosak honako hau esan du: “formula berrietarako bidea zabaltzen ari gara, administrazioek herritarrekin batera interes publikoko ondasun erkide bat eraikitzeko asmoz jarduteko esparru bat sortzeko. Eta, hori dela eta, Bherria gizarte hobea elkarlanean eraikitzen lagunduko diguten gakoak emateko proiektua eta tresna da”.

Ibilbidea

Bherria proiektuaren lehen edizioa 2017an izan zen, Agoren bidez, kolektiboan hausnartzeko espazioa emateko, ezagutza partekatzeko, gizarte-berrikuntzako ekimenekin harremanetan egoteko eta lankidetza publiko-sozialerako formula berriak bilatzen lan egiteko sarea eraikitzeko. Lehen edizio horretan –70 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten– jasotako gako nagusien ondorioz, Bherria Dekalogoa sortu zen, lankidetza publiko-sozialerako eta herritartasun aktiboa sustatzeko testua.

Urtebete geroago, Bherriak BherriLab izeneko formatu berria aktibatu zuen,  herritar laborategia, ekipamendu publikoen kudeaketa komunitarioaren erronkari erantzuteko. Administrazio publikoko eta herritarren ekimenetako 170 pertsona baino gehiago batzea lortu zuen.

2020an, Bherria Egoitza sortu zen, formatu berria, intentsiboa eta bizikidetzakoa, EAEn herritarrak aktibatzeko prozesuak sendotzeko; hartan, administrazio publikoko hogeita hamar bat teknikarik parte hartu zuten.

2021az geroztik, Bherrian ziklo berri bat abiarazi zen, programa iraunkor baten eta askoz ere anbiziotsuago baten bidez. Hura hiru lan-ardatzen inguruan egituratzen da: lankidetza publiko-sozialarekin zerikusia duten alderdietan ekintzarako gaikuntzako jarduera irekiak; toki-mailan proiektuak garatzeko ezagutza praktikoa eta baliagarria eskuratzeko ikaskuntza-komunitatearen aktibazioa, eta zenbait gairi sakontasunez heltzeko topaketa irekiak eta espezifikoak.

Bherria izena euskaraz Berria eta Herria terminoen arteko hitz-jokoa da. Web-plataforma du (www.bherria.eus) eta, bertatik, informazioa jaso eta prozesuaren beraren jardueraren eta sare sozialen –Instagram, Twitter, YouTube eta Flickr– segimendua egin daiteke; horrela, elkarrizketak, egiaztapenak eta hausnarketak espazio digitalean jarraitu daitezke.

Informazio gehigarria