Aisiako zentro inklusibo bat sustatu du Usoa Lantegiak desgaitasuna dutenek protagonismoa izan dezaten

PRUEBA

Gaur eman dute ezagutzera bigarren alkateorde Carlos Fernándezek eta Usoa Lantegia udal sozietateburu Eduardo Castañedak Usoagune proiektua. Barakaldar guztiei zuzendua badago ere gunea, protagonismo berezia izango dute desgaitasunen bat dutenek, bertan kolektibo horretakoen partaidetza sustatuko baita aisiako jarduera-eskaintza zabal eta anitzean.

Ibarra kaleko 4an kokatutako lokalean garatuko da Usoagune, erdigunetik oso hurbil dagoen kokagunean. «Usoan, dibertsitate funtzionala duten lan-integraziotik haratago doaz.  Oso jabetuta daude aisiak pertsonen garapenean duen garrantziaz, eta horregatik ekin diote erronka horri Usoagune – herritar guztiei zabalik egongo den aisia inklusiboko zentroa – abian jarriz.

Desgaitasunen bat dutenek garapen osoa lor dezaten aisia-eta jolas-jarduerak eta jarduera hezitzaileak bultzatzea da helburua, beren gaitasunak eta interesak susta ditzaten aisialdiaz gozatuz, modu dibertigarri eta asebetegarrian.

Carlos Fernándezek adierazi du aisia inklusiboko gune hau sortuz «zahartze aktiboa eta autonomia pertsonala ere sustatu nahi direla», beren lan-bizitza Usoan amaitzen dutenek jarduerak egiten jarraitzeko aukera izan dezaten.

Horrez gainera, Usoagunen oso kontutan hartuko dira desgaitasuna duten emakumeen ezaugarriak eta beharrizanak «aisiaz gozatzeko eta parte-hartzeko dituzten aukerak murriztuta baitauzkate diskriminazio bikoitzaren biktima izateagatik», gogoratu du Eduardo Castañedak.

ARRETA INTEGRALA
Era berean, desgaitasuna dutenei zuzendutako Arreta Zerbitzu Integrala eskainiko zaie herritarrei. Diziplina anitzeko taldea izango da bertan, informazio eta orientabide espezializatua eskaintzeko ikuspegi oso batetik, desgaitasuna dutenei eta haien senideei, daukaten desgaitasuna kontuan hartuta.

«Desgaitasuna dutenek eta haien senideek gura duten etorkizuna ezagutzen laguntzeko eta horretan gaitzeko proiektuen alde egiten jarraituko du Usoak, betiere dauzkaten beharrizanei eta lehentasunei erantzunez eta, une oro, beren bizitza-egitasmoak, aisiakoak barne,  berdintasunez eraikitzeko sostengua emanez», esanez amaitu du Castañedak.