Euskalmeten arabera, martxoa oso beroa eta oso lehorra izan da

PRUEBA
  • Euskadin izan den martxorik beroenetako bat da, 2001ekoarekin eta 2003koarekin batera
  • Debagoiena eta Arabako Lautada eskualdeetan, mende honetako martxorik lehorrena izan da

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, martxoa oso beroa eta oso lehorra izan da Euskadi osoan. Berez, mende honetan Euskadin izan den martxorik beroenetako bat izan da, 2001ekoarekin eta 2003koarekin batera. Bestalde, martxoa oso hilabete lehorra ere izan da, eta nabarmendu dira Debagoiena eta Arabako Lautada eskualdeak, mende honetako martxorik lehorrena izan baita bi eskualde horietan.

Euskalmeten arabera, martxoko batez besteko tenperaturak 12-14 ºC inguruan ibili dira itsasertzean, eta Arabako Lautadan 10 ºC inguruan. Balio horiekin Euskadi osorako anomalia positiboa 2,3 ºC-koa izan da 1981-2010 batez besteko normalarekiko. Hala ere, aipatu behar da, datu horiek gorabehera, 1957ko martxoa dela Bilboko eta Donostiako erreferentziako estazioetan izan den beroena.

Lehenengo astea izan ezik, hilabetea tenperatura-balio baxuekin hasi baitzen, gainerako egunak kontuan hartuta hilabete beroa izan da. Horrela, aipatzekoak dira hilaren amaieran erregistratutako tenperatura altuak, martxoko serie historikoetako tenperatura maximoen errekorrak hautsi baitziren Kantauri itsasertzeko eskualde eta haranetako puntu askotan (Oleta 30,5 °C; Arteaga 30,2 °C; Mungia 29,6 °C). Kasurik gehienetan, aurreko errekorrak 2021eko martxoaren 31koak ziren. Era berean, martxoko tenperatura minimo altuen errekorrak ere hautsi ziren hainbat estaziotan (Espejo 13,2 °C; Páganos 13,2 °C; Zegama 15,7 °C).

Tenperatura horiekin batera izan den intsolazioa normala izan da itsasertzean, eta % 10 eta 20 altuagoa izan da barnealdean. Hiriburuz hiriburu, Bilbok 130 eguzki-ordu izan ditu, Donostiak 153 eta Gasteizek 178.

Prezipitazioei dagokienez, martxoan erregistratutako prezipitazio-kopuruak kontuan hartuta, hilabete oso lehorra izan da Euskadiko leku gehienetan. Gipuzkoa ipar-ekialdeko eskualdeetan izan ezik, leku horietan hilabete lehorra izan baita, Euskadiko gainerako lekuetan espero zitekeen euriaren erdia baino gutxiago bota du, eta Araba hegoaldean ez da % 20ra iritsi. Kalifikazio horrekin bat etorriz, euri-egunak normala dena baino 3 egun gutxiago izan dira.

Muturreko meteorologiari dagokionez, martxoan zehar Eusko Jaurlaritzak 17 abisu hori aktibatu zituen, horietatik 8 itsasaldeko arriskuagatik, 4 basoko sute-arriskuagatik, 2 izotzagatik, 2 haizeagatik eta, azkenik, 1 elurragatik.

Informazio gehigarria