Usoa Tailerrak desgaitasuna duten pertsonentzako protagonismo berezia izango duen aisialdi zentro inklusiboa sustatuko du

PRUEBA

Bigarren alkateorde Carlos Fernandezek eta Taller Usoa udal elkarteko presidente Eduardo Castañedak Usoagune proiektuaren berri eman dute gaur. Barakaldoko biztanle guztiei zuzendutako topagunea da, eta ezinduek protagonismo berezia izango dute. Aisialdi-eskaintza zabal eta askotarikoaren bidez, kolektibo horrek komunitatean parte-hartze handiagoa izatea sustatuko da.

Usoagunea Ibarra kaleko 4. zenbakian dagoen lokal batean kokatuko da, erdigunetik oso gertu. Usoan, dibertsitate funtzionala duten pertsonen laneratzea baino haratago doaz. Jakitun dira aisiak pertsonaren garapenean duen garrantziaz, eta, horregatik, erronka berri horri ekin diote Usoagune sortuz eta abian jarriz. Usoagune komunitate-gune bat da, herritar guztiei irekitako aisialdi zentro inklusibo bat, Fernándezek azaldu duenez.

Helburua da aisialdiko jarduerak eta jolas- eta hezkuntza-jarduerak bultzatzea, desgaitasunen bat duten pertsonen garapen integrala ahalbidetzeko, haien gaitasunen eta interesen garapena sustatuz, astialdiaren erabilera dibertigarri eta gogobetegarriaren bidez.

Carlos Fernándezek azaldu duenez, aisialdi inklusiborako gune honen bidez zahartze aktiboa eta autonomia pertsonala sustatu nahi dira, Usoan lan-bizitza amaitzen duten pertsonek jarduerak egiten jarrai dezaten.

Usoagunean, gainera, oso kontuan hartuko dira desgaitasuna duten emakumeen ezaugarriak eta premiak, diskriminazio bikoitzaren biktima baitira, eta bizitzako etapa guztietan parte hartzeko eta aisialdiaz gozatzeko aukerak murrizten baitizkiete, Eduardo Castañedak gogorarazi duenez.

ARRETA INTEGRALA
Usoagunek, halaber, Desgaitasunari Arreta Integrala Emateko Zerbitzua (SAID) jarriko du herritarren eskura. Zerbitzu hori diziplina anitzeko talde batek osatuko du, eta haren helburua izango da desgaitasuna duten pertsonei eta haien familiei informazio eta orientazio espezializatua ematea ikuspegi globaletik, haien aniztasuna kontuan hartuta.

Minusbaliotasuna duten pertsonei eta haien familiei nahi duten etorkizuna ezagutzeko gaitasuna eta laguntza emango dieten proiektuen aldeko apustua egiten jarraituko du Usoak, haien beharrei eta lehentasunei erantzunez, eta une oro lagunduko die berdintasunezko bizi-proiektua eraikitzen, aisialdia barne, Castañedaren esanetan.