47,2 milioi euro onartu dira next generation eu funtsen bidez eraikin eta etxebizitzen birgaitze energetikorako lanak egiteko

PRUEBA

Gobernu Kontseiluak Euskadiko bizitegi-eraikin eta etxebizitzen birgaitze energetikorako laguntzetara zuzendutako 47,2 milioi euroko gastua baimendu du. Zenbateko hori Next Generation EU funtsetatik dator, gobernu zentralaren Eraldaketa, Suspertze eta Erresilientzia Planaren 2, 3, 4 eta 5 programen bidez.

Kopuru berria Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak lortu ditu, orain arteko birgaitze-helburuak bete ondoren —Euskadi izan da hori lortu duen lehen autonomia-erkidegoa—. Izan ere, helburu horiek betetzea ezinbesteko baldintza da funts berrien %50a askatzeko.

Birgaitze energetikorako Next Generation EU funtsen 47,2 milioi euro horiei gehitu behar zaizkie Sailak 2022ko ekainaren 21ean gaitutako 39,1 milioiak, birgaitze energetikorako ezohiko laguntza hauen oinarriak ezarri eta deialdi publikoa erregulatzen duen aginduaren bidez gaitutakoak, hain zuzen.

Aginduak jasotzen duenez, 2020ko otsailaren 1etik 2026ko ekainaren 30era arte egikaritutako jarduketetarako jaso ahal izango dira laguntza horiek. Jarduketa horietan jaso beharreko esku-hartzeen artean daude, besteak beste, eraikinen inguratzailea hobetzea, energia berriztagarriak instalatzea edo itxiturak berrituta isolamenduan aurrera egitea.

Guztira, Euskadik 86,3 milioi euro jaso ditu dagoeneko Next Generation EU funtsen bidez, 2, 3, 4 eta 5 programen bidez etxeetako energia-efizientzia hobetuko duten eraberritze-lanetarako.

Laguntza horiei eta horiek eskatzeko bulego-sareari buruzko informazio guztia: www.euskadi.eus/bizinext.